Edukin nagusira joan.

Menu nagusira joan.

Zumarragako Udaletxea

Zumarragako ezkutua
Zumarraga.net

Zumarraga [Historia]

Legazpiko estatua

Zumarragari buruzko lehenbiziko datuak 1366an agertu ziren, tronua eskuratu nahi zuen Enrikek, XIV. mendearen erdialdean Pedro I.a bere anaiordearen kontrako gerra zibilean ari zelarik, Zumarragako Monasterioa Lazkaoko Jaunari eman zionean. Geroago, inguru honetako biztanleek Ahaide Nagusi horren pean jasaten zuten kontrol zorrotzetik askatu nahirik, 1383ko abenduaren 11an, Urrutia izeneko tokian, egungo Eitzako auzotik hurbil alegia, konkordia-eskritura bat sinatu zuten Urretxu hiribildu sortu berriarekin. Agiri horren baiezpena Joan II.ak eman zuen 1385ean, eta Enrike III.ak berretsi zuen. Hala eta guztiz ere, 1405ean indarrik gabe laga zituzten erabaki horiek, eta herri biek Seguraren jabetzapean geratu behar zutela dekretatu zuten; eta halaxe izan zen 1411 arte. Zehazterik ez dugun garai batean herria Areriako Alkatetza Nagusian sartu zen, eta bertan mantendu gainera 1660 arte. Zumarragak, 1661ean, hiribildu titulua jaso zuen.

Hasiera batean Zumarraga gune sakabanatuz eraturiko herria zen, Zumarragako Andre Mariaren, gaur egun Antio izenez ezagutzen dugun horren inguruan diren baserriez funtsean. Baina urrunegi omen, eta XVI. mendearen bigarren herenean zehar parrokia haran hondora, ibarrera jaisteko eskaria egin zieten herritarrek eliz agintariei. Garbi noiz izan zen ez dakigun arren, Eitzako hiri izaerako gune nagusia sortu zen, Santa Engraziaren baselizaren, egungo San Gregorioren inguruan hain justu, eta San Kristobalgo baselizaren inguruan ere ba omen zen beste gune bat.

Herriaren historian zehar bada hainbat une edo gertaera berezi, hala nola: lehenbiko Udal Ordenantzak, 1526koak; lehenbiziko Antolaketa Plana, Estibanz arkitektuarena, 1860koa; ura ekartzeko lehenbiziko lanak, 1861ekoak; Hiltegiaren inaugurazioa eta hamabostean behin, ostegunez, egiteko merkatua jartzea 1865ean, inguruko baserrietako produkzioaren irtenbidetzat; Udaletxe berriaren inaugurazioa 1866an, 1986an birmoldatu zutelarik estetika irizpide zeharo berrizaleen bidetik; Hilerri berriaren inaugurazioa 1875ean, 1984an kriptara itzuliz birmoldatu zutela; 1890ean Eskola Berriak inauguratu izana; eta 1930ean Esteban Orbegozo, S.A. enpresa herrian kokatu izana, lanpostu asko eta asko sortu baitzituen, 50eko hamarkadan zehar etorkin saldo handiak erakarriz herrira, demografi hazkunde izugarria eraginez -biztanle kopurua laukoiztu egin baitzen-, 1977an helduz 12.619 biztanleko kopurura. Une horretatik aurrera, krisialdi ekonomikoak alderanztu egin zuen joera, eta berezko hazkundea baino handiagoko emigrazioa hasi zen, egungo 10.324 biztanleraino jaitsiz kopurua.

Aipamen berezia merezi du trenbideak, Zumarragaren historian erabakiorra gertatu den elementua baitugu, hiru geltoki desberdin izatera heldu gara eta. 1864an inauguratu zuten Norteko Trenbidea -gaurko RENFE-, Madril-Paris lineaz; 1889an inauguratu zituzten Ferrocarriles Vascongados haiek, Zumarraga-Maltzaga lineaz; eta azkenik, 1926an, Urolako Trena, "Gure Trena" ospetsua, Zumarraga-Zumaia lineaz. Elementu honek, Vicente Larreak egin (1986) eta udaletxean kokatuta dagoen eskultura batean alegoria gisa azaltzen denak alegia, Euskal Herriko komunikaziogunerik garrantzitsuenen artean jarri zuen herria, Gaztelako Goi Ordokia Gipuzkoako kostaldearekin eta Bizkaiarekin lotzen baitziren bertan. Gaur egun bakar-bakarrik RENFEren lineak segitzen du lanean.

Zumarraga izan zen Migel Lopez de Legazpiren jaioterria. 1897az geroztik bere estatua herriko plazan duen horrek Filipinar Irlak kolonizatu zituen XVI. mendean, eta oraindik ere zutik dago haren jaiotetxea, duela urte batzuk eginiko birmoldaketa lanen ondotik. Legazpi Dorretxea edo Jauregi Haundia izenak ematen dizkiogu.

Zumarraga.net web guneko informazioa

Gipuzkoa.net