Edukin nagusira joan.

Menu nagusira joan.

Zumarragako Udaletxea

Zumarragako ezkutua
Zumarraga.net

Zumarraga [Historia]

López de Legazpi

Zumarraga 1500/1505-Manila 1572

Kolonizatzailea. Joan Martinez de Legazpi eta Elvira Gurruchateguiren bigarren semea. Zumarragako zinegotzia izan zen 1526an, eta Areriako Alkatetza Nagusiaren eskribaua 1527an aita hil zitzaionean. Geroxeago, 1528an, Mexikora joan zen, bertan Isabel Garcésekin ezkonduz; bederatzi seme-alaba izan zituen, eta Monetaren Etxean hainbat kargu izan zuen, 1551an Eskribau Nagusi postura helduz eta Mexikoko Hiriko Alkate Nagusi karguaz 1559ean.

Felipe II.a erregeak sartaldeko irletarako espedizioa agindu zionean, Andres Urdaneta fraileak bultzaturik inondik ere, Nueva Españako erregeordeak, Velascok, espedizio-buru izendatu zuen Legazpi 1561ean, eta erregeak berak "konkistatzen dituen lur guztietako Almirante, Jeneral eta Gobernadore".

Espedizioaren gastu gehienak Legazpik berak ordaindu zituelarik, 1564an abiatu zen Lapurren Irletarantz (geroko Filipinetarantz alegia), eta lehenbizi Guam irlan geldialditxo bat egin ondoren, Samar irlara heldu zen 1565ean; bertakoek aurka egin zioten sutsuki, gaztelauak etsaitzat hartzen baitzituzten, baina bake bidez jokatuz bere aldera bildu zituen.

Urte horretan bertan heldu zen Boholera, han "odolezko itun" bat eginez Sikatuna "datuarekin" (buruzagiarekin); horretara bertakoen fideltasuna lortu zuen. Gero Zebu irlara joan zen, han 1571 arte gaztelauen mendeko lurren hiriburu izango zen San Miguel herria eta "Santo Niño" tenplua sortuz.

Bertako mahomatarren eta portugaldarren erasoak jasan zituen, eta gaztelauen beren motinak ere bai. 1570ean Manilara heldu zen, eta 1571an hiri honen birfundazioa zertu zuen, Herrera arkitektuaren proiektuari jarraiki. Luzongo iparraldea kolonizatzeko, Joan Salcedo bere biloba jarri zuen espedizio baten buru.

Pobre hil zen, 1572an, bere biloba itzuli zain, eta sekula ez zitzaion Felipe II.aren Zedula, "Filipinetako Biziarteko Gobernadore eta Kapitain Jeneral" izendatuz emandako hura iritsi.

Gaur egun, Migel Lopez de Legazpik urruneko lur haietan lagatako oroitzapen onari esker, Zumarraga bi hirirekin senidetuta dago, Legazpi (Albay irlan) eta Tagbilaran (Bohol irlan) hiriekin hain zuzen.

Zumarraga.net web guneko informazioa

Gipuzkoa.net