Zumarraga 1916-1986
Gastronomoa eta idazlea. Batxilergoa Donostiako Jesusen Bihotza Eskolan egin eta gero, Madrilera joan zen Natur Zientzietako ikasketak egitera; bertan ezagutu zuen Julio Baroja, eta honen bidez Ricardo eta Pio Baroja ere bai.
Bere artikulu, liburu eta hitzaldietan, batez ere gastronomiaz arduratu zen, eta ospe handia lortu zuen euskal sukaldaritzan. Argitaratutako liburuen artean batzuk nabarmentzearren, "Guía para la recolección de setas", "Los vinos de la Rioja Alavesa", "Estire sus billetes en la cocina", "Setas", "Con buen vino se anda el camino", "El salmón del Bidasoa", "Alimentos y guisos en la cocina vasca", eta "La cocina vasca de los pescados y mariscos" izenekoak aipa ditzakegu.
Aranzadi Zientzi Elkartearen Lehendakariorde izan zen, eta barazki tratatuen lehen enpresa fundatu zuen, Martzillan (Nafarroa). 1982ko ekainaren 1etik 1986ko ekainera arte "El Diario Vasco"rekin aritu zen, "El Mirador" sailean hain zuzen. Osatu zuen gastronomiari eta elikadurari buruzko liburutegiak hiru mila eta bostehun ale baino gehiago zituen, Arruerena bera gaindituz.
Zumarragako Udalak Herriko Seme Kutun izendatu zuen 1984an. 1986az geroztik, bere omenezko Buskantza Lehiaketa izaten da Santa Lutziko festetan. Eta 1996an, herriko auzo berri bati haren izena eman zioten.