Edukin nagusira joan.

Menu nagusira joan.

Zumarragako Udaletxea

Zumarragako ezkutua
Zumarraga.net

Zumarraga [Historia]

Secundino Esnaola

Zumarraga 1877-San Sebastián 1931

Secundino Esnaola-ren erretratua.

Musikaria. Bere lehenbiziko musika eskolak Zumarragako Jasokundeko Andre Mariaren elizan hartu zituen, Juan Lino Leturia organojolearen eskutik; honexek irakatsi zion solfeoa. Kantuan ere nabarmendu zen.

Hamalau urte zituela Bergarako Seminarioan sartu zen, eta guztien mirespena eragin zuen, ahots paregabeaz, San Pedro elizan, eta geroago Salamancako Apaizgaitegi Kontziliarrean; azkeneko honetan, bere ikaskideez koru bat osatu eta zuzendari aritu zen.

21 urte zituela eliz ikasketak utzi eta Donostiara itzuli zen, San Bizente parrokian koru-zuzendari plaza hartuz; bertan solfeoa eta kantua irakatsi zituen, eta hobekuntza ikasketa hainbat ere burutu zuen, harmonia ikasiz Bonifazio Etxeberriarekin, eta kontrapuntu eta fuga, berriz, Julio Valdésekin.

1902an, Norberto Luzuriaga hil zelarik, Donostiako Orfeoiko zuzendari izendatu zuten, eta handik gutxira sari sorta baten lehenbiziko alea bildu zuen, Royango Orfeoi Lehiaketa Nazioartekoan hain zuzen.

Orfeoia berpiztu zuen, emakumeak eta umeak sartuz hainbat kexa izan zen arren, eta historian izan diren onenen mailara igo zuen. Donostiako Kasinoa zuen emanaldietarako tokirik gustukoena.

Zuzendari ospea bereganaturik, hobekuntza etengabean jarraitu zuen kantu-maisu mailara heldu arte, eta neurri txikiko erlijio-konposizioak ere idatzi zituen.

Frantziako Gobernuak "Officier de l'Instruction Publique" titulua eman zion.

Frantziar Ikas Palmak eta Alfontso XII.aren Gurutzea ere eskuratu zituen. Zumarragako herriak "Seme Kutun" izendatu zuen 1927ko uztailaren 3an, Orfeoian sartu eta 25 urtera hain justu. Egun horretan bertan Zumarragara etorri ziren Donostiako Orfeoiko berrehun kideak, eta Elizako koruan hainbat obra eskaini zuten; omenaldia Udaletxean egin eta gero, jendaurreko kontzertu bat izan zen udal pilotalekuan.

Zendu zelarik Donostian izan ziren hiletak, herriaren samin adierazpen handi eta barru-barruko batez.

Zumarraga.net web guneko informazioa

Gipuzkoa.net