Zumarraga 1868-Zarautz 1950
Organojolea eta konpositorea. Oso gaztetatik aritu zen musika ikasten Juan Lino Leturiarekin eta Tolosako Gorriti maisuarekin, eta Salamancan eliz ikasketak egiten hasi eta gero, Jimeno, Mendizabal, Morera eta Arrieta irakasleekin amaitu zituen bere musika ikasketak, Madrilen. Teatro Real-eko organojolea izan zen, eta baita beste zenbait elizatakoa ere.
Madrilen egonaldi bat egin arren, ez zuen bere jaioterria ahantzi eta 1893an, dagoeneko harmonia eta konposizioan maisu ospetsu zela, Udal Bandako zuzendari artistikoa izatea erabaki zuen, Martin Elolarekin txandaka arituz hain zuzen, hau zuzendari teknikoa baitzen.
Konpositore lanetan, eta erlijio konposizioei dagokienean, Madrilen 1912an eginiko XXII. Nazioarteko Biltzarraren Ereserki Eukaristikoa izan zena nabarmentzen da, "Cantemos al amor de los amores, cantemos al Señor" izenekoa. Alfontso XIII.a erregearen aurrean interpretatu zuen, eta hainbat hizkuntzatara itzulita dago gaur egun. Lan horrez gain, "Stabat Mater" eta "Misa Pastorela" aipa ditzakegu.
Konposizio herrikoien artean, besteak beste, "Bi euzko abesti" eta "Himno a Legazpi" nabarmentzen dira; azkeneko hori Filipinak kolonizatu zituenaren estatua inauguratzeko konposatu zuen.
Donostian 1949an eginiko "Mila Ahotsen Kontzertua" hartan nabarmendu zen, bertan bere bi euskal abesti eta bi galiziar abesti interpretatu baitzituzten.
Zumarragako udalak bere omenaldia eskaini nahi izan zion 1968an, eta Eitza auzoko etxebizitza sail bati haren izena eman zion.