Edukin nagusira joan.

Menu nagusira joan.

Zumarragako Udaletxea

Escudo del ayuntamiento de Zumarraga
Zumarraga.net

Bisitariak [Turismoa]

Zumarragako leku interesgarri batzuen irudia

Aurkezpena

Zumarragan asko eta asko dira toki interesgarriak: maila artistiko-kulturalean, maila zibilean edo erlijiosoan, eta gastronomian, besteak beste. Guztien artean nabarmenenak Antioko baseliza; udaletxea; Euskadi plaza; Migel Lopez Legazpiren dorretxea eta estatua; Busca Isusiren etxea; Oteiza, Larrea nahiz euskal abangoardiako beste hainbat artistaren eskulturak; baserri tipikoak; San Gregorio eta San Kristobaleko baselizak; Andre Maria Jasokundekoaren eliza; Mertzedariatarren eliza-komentua; eta hilerria.

Herrian egun batzuk pasatzeko asmoa badugu, pentsioez gain Etxeberri Hotel-Jatetxea dugu aukeran. Herritik aparte samar dago, eta atsedenerako paisaia egokia du inguruan.

Gastronomiari dagokionez, badira aipamen berezia merezi duten jatetxe batzuk, Etxeberri, Balentiña eta Kabia, besteak beste, eta zenbait taberna-jatetxe ere bai: Iburreta, Ezkiotarra eta Zelaikoa Elkartea, esaterako.

Giza harremanetarako gune nagusia Kalebarren dugu. Horixe da Urretxurekiko lotunea ere, eta inguruotan giro bikainaz gozatuko dugu Alaska, Politena, Gau-Txori, Kortaberri, Huts, Arkupe eta Berri tabernetan. Geltoki inguruan, berriz, Urretxuko Golden dantzalekutik hurbil, Urola, Goitegi eta Txindoki daude. Eitzaga auzoan, Eitza Kafetegia eta Korta Taberna ditugu, besteak beste, eta Etxeberri auzoan, Oleta.

Gaupasa egiten baduzu, edo goizean goiz jaiki eta kanpoan gosaldu nahi baduzu, ostera, hortxe dituzu aukeran Croissantería Txindoki, Croissantería Alexander, Café Paris, Garin, Labealde eta Arruabarrena, Maite eta Izaskun gozotegiak.

Herria altu samar dago, eta herriko bertako eta inguruetako ikuspegi onak izan nahi badituzu, jo ezazu mendi aldera: monumentu megalitikoen ibilbidea egin ahalko duzu, edo tontorretaraino igo nahi izanez gero, zain izango dituzu Beloki (641 m), Izazpi (970 m) edo Trapalata (635 m).

Gure artean ematen duzun denbora osatzeko, Ignaziotar Lurraldean barnera zaitezke. Hiru Tenpluen Ibilbidea egin dezakezu adibidez. Horrela, Zumarragako Antioz gain, Azpeitiko Loiolako San Inazioren Santutegiaz eta Oñatiko Arantzazuko Andre Mariaren Santutegiaz gozatzeko aukera izango duzu, Urola bailara eta Debagoiena ezagutuz aldi berean.

Behin Zumarragara etorrita, Urola Garaia osatzen duten beste hiru herriak ere ezagut ditzakezu: Urretxu bertan jaio zen Iparragirre koplaria, Legazpi Mirandaolako burdinola ospetsua dago bertan eta Ezkio-Itsaso baserri munduaren (Igartubeiti baserria bisitagarri duena) eta industriaren arteko kontrastearen erakusgarri dena.

Itsasoa gustuko baldin baduzu, ez duzu horren urrun Donostia (53 km), eta are hurbilago, berriz, Zumaia (39 km) edo Getaria (42 km), gipuzkoar kostaldeko harribitxiak. Eta Bilbo bera ere 74 km-ra dago, bertan aurkituko dituzularik Guggenheim eta Arte Ederren Museoa.

Ibilbideak ikusi xehetasunez

Ignaziotar Lurraldea (web gunera joan)

Ignaziotar Lurraldeko Gida hizkuntza ezberdinetan deskargatu dezakezu:

 

Zumarraga.net web guneko informazioa

Gipuzkoa.net