Urola eta Debagoiena eskualdeen bihotzean kokaturik dago ibilbide hau, eta Gipuzkoa ezagutzeko aukera ematen digu honako hiru monumentuen bidez: Loiolako San Inazioren Santutegia (Azpeitia), Antioko Ama Birjinaren ermita (Zumarraga) eta Arantzazuko Ama Birjinaren Santutegia (Oñati).
Hiru eraikin horiek ingurune natural zoragarrietan kokaturik daude, eta komeni da ezagutzea, alde batetik estilo erabat ezberdinekoak direlako, eta bestetik, gure kultur ondarearen lekuko direlako.
Loiolako Santutegia Azpeitian dago kokatuta, Izarraitz mendiaren magalean, Urola ibaiaren ertzean, Iraurgi izeneko bailara txiki eta ederrean.
Carlo Fontana arkitekto italiarrak egindako monumentu-gune honetan, Basilika da nagusi. Barroko estiloan eraiki zuten XVII. mendean, mundu osoan ezaguna den eta Jesusen Lagundiaren sortzailea izan zen Loiolako Inazioren omenez. Aipagarriak dira Basilikak dituen oinplano zirkularra eta kupula ikusgarria.
Monumentu-gune honen barruan, Loiola familiaren dorretxea dago. Hemen jaio zen Inazio 1491n, familia boteretsu eta noble honen baitan. Basilikatik hurbil Errekarte baserria dugu, beste Jesuita ezagun baten jaiotetxea: Frantzisko Garate Anaia dohatsuaren jaiotetxea, hain zuzen ere. Gaur egun urte luzeetan Deustuko Unibertsitatean atezain izan zenaren oroimenez egindako museo-santutegi txikia da.
Ordutegia: 10:00-13:00 eta 15:00- 19:00
* Basilika, meza orduetan ezik.
Zumarragako Andre Maria, Antiguako Ama izenarekin ezagutzen duguna, Zumarragako parrokia izan zen 1576ra arte.
Herri-arkitektura erlijiosoaren adierazgarri bitxia, estilo erromaniko-gotikoa eta tankera berezia ditu. Beloki mendiaren magalean, ehun urtetik gorako artadi eder baten itzalpean dago, eta bertatik ikuspegi zoragarria daukagu.
XVI. mendearen erdialdean, herritarrek haranera jaitsi zuten parrokia, urruntasun eta segurtasun arazoak zirela eta. Harrezkero, Antio ermita da.
Kanpoaldea erromanikoa du, eta bertan ate gotiko bat nabarmentzen da. Barnealdean, berriz, harriaren eta egurraren arteko nahasketa zoragarriaz gozatuko dugu. Gainera, Andre Mariaren irudia duen taila gotikoa oso interesgarria da.
Ordutegia:
Arantzazuko Santutegia leku zoragarrian dago kokatuta: Artia, Elgea eta Aloņa mendilerroen artean eta Aizkorri mendiaren magalean, eta euskal arte garaikidearen adierazgarririk garbiena da.
Santutegiaren jatorria 1468an kokatzen da, Rodrigo Baltzategi artzainak Andre Mariaren irudia aurkitu zuenean. Hasierako urte haietan mendiko baseliza bat eta serora batzuk zeuden. Geroago Santutegia eraiki zuten, eta hark bere baitan hartu zuen antzinako baseliza, Agerpen izenarekin ere ezaguna, 1522an Loiolako Inaziok bisitatu zuena. Hasierako eraikin erlijiosoa Rodil Jeneralaren armadak erre zuen 1834an.
Sutearen ondoren eraikitako elizatxoak 1955era arte iraun zuen, urte horretan bertan eraiki baitzuten Basilika berria. Sainz de Oiza eta Laorga arkitektoek eraiki zuten, eta erabat modernoa izan zen, bere estiloan lehena. Aipagarriak dira Jorge Oteizaren eskultura harrigarriak, Xabier Alvarez de Eulateren beirate modernoak, Nestor Basterretxearen margoak eta Lucio Muņozek egindako erretaula.