Saltar al contenido.

Menu nagusira joan.

Zumarragako Udaletxea

Zumarragako ezkutua
Zumarraga.net

Kultura [Aldizkaria]

1999ko Abendua

Aurkezpena.

Udal Aldizkariaren ale honekin amaituko zaigu Interneteko bideetan zehar emandako lehen urtea. Sei dira dagoeneko ale honekin ateratakoak, eta batetik bestera ontzen joan da web orri bat bizirik mantentzeko udal proiektua; izan ere, aldizkariaren helburua Zumarraga inguruak, bertako bizimodua, ohiturak, berriak, eta Zumarragarekin lotutako proiektuak jendeari aditzera ematea da.

Lortutako emaitzak ikusirik, baikor sentitzen gara aurrerantzean zer fortunatuko zaigun; proiektu batzuei atzera ekingo diegu, 1998ko abuztuan ateratako alean dagoeneko zirriborro gisa agertu ziren haiei alegia, eta herrian sumatzen diren kultur kezka eta asmo guztien elkargune bihurtuko dugu Udal Aldizkaria. Hori dela eta, hurrengo aleetan atal berriak sartuko ditugu; eta dagoeneko lantzen ari garen alean "Solastokia" izenekoa, honetan biltzearren Udaletxean jasotzen ari garen hainbat iritzi artikulu. Edonola ere, beti bezala prest gaude herritarrek eta gure Aldizkariaren irakurleek ematen dizkiguten ideiak edo iradokizunak oso-oso gogoan hartzeko.

Amaitzear den urte honetan Udal Hauteskundeak izan ditugu nagusi; hauen emaitzaz, eta bide demokratikoen barnean beti, Udalean ordezkaritza duten indar politikoen arteko korrelazioa aldatu egin da.

Ostean aipatzekoa da aurten abiatu direla lehengo Zelai-Arizti zinearen lokala egokitzeko lanak, Eskualdeko Antzokia izango baita aurrerantzean; halaber, Argixao Auzoa txukuntzeko lanak ere amaitu dira.

Bestenaz ere, udalak lehenbiziko pausuak egin ditu herrian "21 Agenda Lokala" delakoa bidean jartzeko; udalak konpromiso tinkoa hartu baitu garapen mantengarriranzko aurreratze prozesu bat bultzatzeko, herritarren bizi-kalitatea hobetuz, ingurunea inondik ere kaltetzeke.

Maila orokorreko kontuetan, gure irakurleei gogorazi behar diegu etxeko tresna elektrikoak eta ordenagailuak egokitu behar dituztela, 2000. urtea sartzear dagoen honetan; horretarako, gauza hoberik ez Aldizkari honetan "2000 Efektua" deitu horri buruz argitaratutako artikulua baino.

Bide beretik segituz, aipamentxo bat milurtekoaren bukaera dela eta sortutako beste eztabaidaren inguruan, batzuek baitiote XX. mendea 1999ko urtearekin batera amaituko dela, beste batzuek berriz urtebetez itxaron behar dugula, 2000ko abenduaren 31ra arte alegia. Eztabaida honek beste artikulu bat eragin zuen gure Aldizkarian.

Azkenik, ezin inotara ere ahantzi Joxe Mari Etxaniz Aranburu Udaleko Euskara Teknikaria, aurten joan baitzaigu hutsune larria utziz gure artean, baserrian lanean ari zela gertatutako istripu batez. Goian bego.

Zumarraga.net web guneko informazioa

Gipuzkoa.net