Ekonomi eta Enpresa Zientzietan lizentziatua. Berdeak-Los Verdes taldearen Komite Politikoaren kidea, eta arduradun ekonomikoa. Gaur egun enpresa-aholkularitza batean lan egiten du, aholkulari gisa hain zuzen; enpresetan kalitate sistemak eta ingurugiro gestiorako sistemak ezartzeko eginkizunetan murgilduta dabil. Ingurugiroko Udal Batzordean ere parte hartzen du.
Galde erantzunak
Galdera: Zer da berdea izatea?
Erantzuna: Berdea izatea elkartasunez jokatzea da, inguruarekiko garbi jokatzea, desfaboratuen alde lan egitea, utopikoa izatea agian, bakezalea ...
G: Noizbait irainik edo jaso al duzu, berdea izateagatik?
E: Ez, baina duela urte batzuk, lanpostu bila nenbilela, gomendatu ohi zidaten curriculumean ez aipatzeko berde edo ekologista izatearekin lotutako ezer. Ez nuen horrela jokatu, jakina. Eta lan aukera horiek ere galdu nituen, baina...
G: Zein da berdearen etsairik amorratuena gure herrialde honetan?
E: Desfaboratuenekiko elkartasunik erakusten ez duen oro, Lurreko baliabideak agortezinak direla uste duen oro, eta gizakia beste guztien gainetik dagoela uste duen oro.
G: Herrialde honetan, zenbat jendek merezi du kartzelan egotea, delitu ekologikoa egiteagatik?
E: Zenbat diren ez dizut esango. Bai ordea ingurugiroari eta naturari buruzko legeak hausten dituen edozeinek egon beharko lukeela.
G: Ba al dago kontzientzia ekologikorik gizartean?
E: Zoritxarrez ez. Nahiz eta gero eta gehiago izan kontzientzia hori badugunok, ez da egun batetik besterako kontua. Prozesu luzea behar da, eta gure artean nahiko motel ari da aurrera egiten.
G: Eta "Herrialdea modernizatu behar da" bezalakoak entzutean, kezkatzen al zara ingurugiroari zer datorkion pentsatuta?
E: Kontua da zer ulertzen dugun "modernizatu" hori esatean. Modernizatzea baldin bada edozeren gainetik haztea (basoak, inguru babestuak eta fauna suntsitzea, herrialde pobreak izugarri ustiatzea, etab.), dudarik ez. Modernizatzea, berriz, modu mantengarrian garatzea eta gure ingurua errespetatzea bada, ez naiz kezkatzen.
G: Hazkunde ekonomikoa eta ingurugiroaren babesa, bateragarriak al dira, edo zeharo aurkakoak?
E: Gaur egun ulertzen dugun hazkunde ekonomikoa bateragarria da. Kontua da garapen ekonomiko mantengarria bilatzea. Ildo honetatik, ekonomia eta ingurugiroa ez dira kontrakoak, baizik eta bateragarriak. Ikusi besterik ez Europako hainbat herrialdetan izan diren esperientziak, gestio sistemetan punta-puntakoak diren enpresetan batez ere; enpleguak sortzen dira baserri inguruko turismo ekologikoaz, eta garapen mantengarria lortzen da. Gainera, ingurugiroaren gestiorako sistemak ezarriz, kostuak murrizten dira enpresen gestioan, eta ingurua, komunitatea eta langileen lan-baldintzak errespetatuz gainera.
G: Ura eta gasolina garestiak izateari, eta energia zikinetatik bildutako zergak energia garbietan inbertitzeari zer irizten diozu?
E: Ondo. Eta "ekonomista berde" deitu horietako batzuek ere bide horixe jorratu nahi dute, kontabilitate berdearen eta zerga berdeen bidez.
G: Ingurugiro hezkuntza tresna baliagarria al da ingurugiroaren arazoak konpontzeko? Lortzen al du herritarren jarrera aldatzea, eta herritarrek arazo hau konpontzeko lanetan partaidetza zuzena izatea?
E: Jakina. Ingurugiro hezkuntzarik gabe (baita prestakuntza zein informaziorik gabe), alfer-alferrik dira ingurugiro lanerako plan guztiak. Nire iritziz, hezkuntza honek seme-alabengandik gurasoenganainoko bidea egin behar du; hezkuntzak eskoletan abiatu behar du, eta seme-alabek heziko dituzte gero gurasoak.
G: Administrazioak murgildu al dira arazo honetan? Zure ustez, behar besteko lanik egiten ari al dira ingurunea babesteko?
E: Murgildu dira, egia da. Baina nire iritziz, burokrazia gehiegizkoa da, eta legedia, berriz, izugarri zaharra. Industri arloan burutzen ari diren lanei dagokienez, hobeto ezagutzen baitut kontu hau, gauzak egiten ari dira; orain enpresen esku dago arazoa bideratzea, eta enpresek hasi beharko dute mugitzen.
G: Zer da 21 Agenda Lokala?
E: Nazio Batuen Plan bat da, XXI. mendean garapen mantengarria izateko. Agenda honi, Rio de Janeiroko Ingurugiroari buruzko Konferentziak eman zion onespena, 173 herrialdek hain zuzen. Eta Ingurugiroko Udal Batzordean ere kontu horretan murgilduta gabiltza. Egiten ari den ahaleginak emaitzak emango al ditu!
G: Posible al da hiriak eta herriak eraikitzea, garapen mantengarriaren helburuak betez?
E: Dudarik ez egin, eta adibideak bat baino gehiago ditugu, esaterako Bulgariako Troyan herria, Erresuma Batuko Lancashire, Alemaniako Friburgo eta Holtriem, eta gugandik hurbilago inondik ere, Gasteiz bera.
G: Zer izan nahi zenuen umetan?
E: Ume izaten segitu nahi nuen.
G: Zer egin nahi izaten duzu astia duzunean?
E: Mendiko bizikletan ibili Xabi eta Danirekin; lagunekin egon; irakurri...
G: Nor ezagutu nahiko zenuke?
E: Inor ez horrela esateko, jendea ezagutzea berez da gauza polita. Dena dela, "Che" Guevara eta Gandhi ezagutu ahal izan banitu..
G: Esateko moduko biziorik?
E: Bizioak ezin dira esan.
G: Bete gabeko ametsik?
E: Gaur egun bat bera ere ez.
G: Maniaren bat?
E: Ordena.
G: Gauez ala egunez?
E: Berdin-berdin zait.
G: Gustuko otordua?
E: Pasta, "Kebal", nire amak egiten duen arrain-zopa, entsaladak, ...
G: Ura ala ardoa?
E: Ardoa, Errioxakoa.
G: Zer hartzen duzu kontuan pertsona batengan?
E: Fideltasuna. Pertsona izatea alegia.
G: Bisitatzeko toki bat?
E: Guztiak. Bakoitzak bere xarma du. Gomendatu behar izanez gero, Irlandako zelaiak eta itsas bazterrak.
G: Bizi izateko toki bat?
E: Ondo sentitzen bazara eta lagunik baldin baduzu, edozein.