Zaratak.- Gure bizimoduaren eraginez, gaur egungo gizartean zarata nagusitzen zaigu bazter guztietan. Honen ondorioak oso kaltegarriak izan daitezke jendearen osasunarentzat, besteak beste loaldia behar bezalakoa ez izatea, entzumena kaltetzea, ondorio kardiobaskularrak, eta azken batean, ondoeza, argi eta garbi. Hauek guztiak, ondo asko antzematen dira bai adimen-osasunean, baita errendimendu eta produktibitatean ere.
Espainia da munduko bigarrena zarata kontuetan, Japon besterik ez baitago aurretik; biztanleriaren %73k, zarata maila onartezinak jasaten ditu, 55 dezibeliotik gorakoak alegia, eta kontu egiaztatua da maila honetatik gora zarata kaltegarri zaiola gizakiari. Gauez, berriz, loaldi egokia izateko, gehienez ere 45 dezibelioko maila onar daiteke.
Gure belarrietara heltzen dena neurtzeko, hona hemen dezibelio-taula bat:
Erabateko isiltasunaren sentsazioa, 0 eta 20 dezibelio bitarteko mailan ematen da.
Zuhaitzetako hostoen mugimenduak, berriz, 25-30 dezibelio eragiten ditu.
Hiri inguru lasai batean, gauez, 35-45 dezibelio inguru dira.
Solasaldi normal batean, 45-55 dezibelio bitartean.
Automobil baten erralentia (7,5 metroko tartera), 45-55 dezibelio.
Automobil batek (aipatu tarte horretara), eta abiadura 50 km/h denean, 60-80 dezibelio eragiten ditu; kamioi batek 80-95 dezibelio, eta moto batek 75-100 dezibelio.
Diskoteka baten barruan, gutxienez, 85-100 dezibelio izan ohi dira.
Lastertasun handiko trenak (300 km/h eta 7,5 metroko tartera), edo mailu pneumatiko batek, 105-110 dezibelio.
Erreakzio-hegazkin batek (100 m-ko tartera aireratzen ari dela), 100-115 dezibelio.
Gerra-hegazkin batek, arraseko hegaldian, 105-120 dezibelio.
Beno, kontua horixe da, mugitzen ez bagara eta isiltasun eta lasaitasun beharra ez badugu gogoan hartzen, azkenean agoantatu ezindako arazoa izango dugu.