Historian zehar, Zumarragak Urretxurekin izan dituen hartu-emanak oso onak izan dira, eta antzera gertatu izan da ermandatearekin eta Gipuzkoako probintziarekin izandakoetan ere. Hala eta guztiz ere, batzuetan arazoak ere izan dira, baina behin bide onera itzuliz gero, harreman onek bere horretan iraun dute.
Gorabehera hauetako bat Zumarragaren eta Probintziaren artean 1863an gertatua dugu; honen ondorioz, Zumarraga atera egin zen gipuzkoar ermandatetik.
Nikolas Soraluzek, berau baitzen Zumarraga eta Ezkioren ordezkaria, pausu hori egin zuen Batzar Nagusiak Zarautzen egiten ari zirenean, 1863ko uztailaren 9an hain zuzen.
Udalak, aurretik gertatutakoa ikusirik, bere prokuradorearen alde egin zuen argi eta garbi, eta halaz, bereizte hau gauzatu egin zen. Dena dela, ez zuen askorik iraun.
Zein ziren, bada, erabaki hori hartzeko arrazoiak?
Alde batetik, Zumarragako tren geltokitik Gerra Errotarainoko errepideak nondik joko zuen argitu behar; errepide honek lotuko zuen Zumarragako geltokia Azkoitia eta Zumaiarekin, eta kontu honen inguruan tirabira politiko eta tekniko ugari sortu zen.
Erabaki horren atzetik hainbat kontu zegoen, inondik ere, burdinbidearen eraikuntzari estu loturik. Kontuotako bat Urola ibaia desbideratzea zen, toki batean baino gehiagotan egin beharreko lana zen eta, nahiz eta gunerik korapilatsuena, arazo gehien sortu zuena alegia, Zelaikoa ingurua zen (gaurko Secundino Esnaola kalea); gaur egun Renfek duen geltokitik Legazpira zihoan tartean ere izan ziren gorabeherak. Urola ibaia betidanik izan da Urretxu eta Zumarragaren arteko muga, eta izan bada gaur egun ere; halaz, muga aldaketa horien eraginez, Zelaikoa inguruan Zumarragak sail batzuk hartu zituen, Urretxuren kaltean, eta gai hau Gorte Nagusietaraino eta Erreginarenganaino heldu zen. Prozesu honetan Gorteek eta Erreginak, azkenean, erabaki zuten inguru hori aurrerantzean Zumarragakoa izatea, Zelaikoa parajeko biztanleek berek horixe eskatu zuten eta.
Aipatu kontu honez gain, beste arazo bat ere ari zen gure herrion arteko harremana gaiztotzen, eta batik bat Urretxuren jarrera itsutzen: bide txiki bat "errepide" bihurtu nahi izatea, pertsonak zein merkantziak bertatik igarotzeko modukoa prestatu nahia alegia. Bide txiki hau Zumarragako parrokiatik abantatzen zen, eta "errege bidetik" desbideratuz, Zubiberriraino heltzen zen (egungo "Isabeleko zubiaren" aurretikoa berau).
Trenbideak errepide hori eraikiz gero (gogoan izan betiere trenbideak bideak zabaldu behar zituela, beste batzuk kendutako tokietan, horrexetara behartzen baitzuen 1854ko ekainaren 14ko Errege Dekretuak), merkantziak eta pertsonak "errepide" horretan barna joan ahal izango ziren Bergarako irteeraraino.
Gauzak horrela, urretxuarrek usteko zuten nonbait Zumarragaren asmoa bere bizilagunen bizimoduari azpia jatea zela. Izan ere, jarduera ekonomikoen lehen sektoreak oso egitura ahula zuen Urretxun, eta errege bidea sarrera-iturri ona zen, are hobeagoa espektatibei begira; bide hori parrokiatik Bergararanzko zatian konpontzeak, berebat, eragingo zuen jendeak eta merkantziek bazterrean lagatzea Urretxutik zihoan bide luzeago eta "zailago" hura, "maila ekonomikoan Zumarragak Urretxu zurgatzeko prozesua abian jarriz horrela".
Zumarragak, aldiz, ez zuen kontua horrela ikusten, nahiz eta udal agintari batzuek bere artean pentsatu azkeneko emaitza urretxuarrek aipatzen zuten huraxe izan zitekeela.
Zumarragaren asmo bakarra zera zen, burdinbidea herrira iristean ezer ez galtzea, are gehiago, aukeran irabazle ateratzea.
Gaur egungo trenbide geltokitik Legazpi alderako inguruan, Zumarragak eta Urretxuk hainbat gauza galdu zuten, esaterako Zumarragak errota bat, bota egin baitzuten, eta Legazpi dorretxea bera ere kili-kolo egon zen; trenbidearen trazatuaren beste toki batzuetan, berriz, aldaketak izan ziren, esate baterako oso ur ona ematen zuen iturri bat tokiz aldatzea; eta trenbidea eraikitzeko lanek, ostean, herri-bide txiki bati zati bat kendu zioten.
Zumarraga bere azpiegiturak hobetzeko ahaleginean ari zen, baina honek ez du esan nahi, inondik ere, Urretxuren kalterako lanean ari zenik propio.
Zelaikoa izeneko sailaren kontuan ere gauza bera esan dezakegu, ezen lehen Urretxuko partean zen sail hau, baina ibaiari bide berria egitean, Zumarraga aldean geratu zen.
Hasieran, ibaiaren bihurgunea kendu beharra zegoela ikusirik (trenbideari hainbat traba saihesteaz gain, Zumarragak eta Urretxuk ere arazo handia kenduko zuten gainetik, uholdeek eragindakoa batez ere), Zumarragak ez zuen inolako oztoporik izan Zelaikoa Urretxuko zatitzat hartzen segitzeko; hala ere, inguru horretan bizi zirenek Zumarragaren mendean egoteko adierazi zuten gogo biziak bultzatu zituen gure udal agintariak, aldaketaren alde borroka egitera.
Urteak igaro eta gero izan dugu kontu hauen berri, baina orain itzul gaitezen, bada, 1863ra, Zumarragako tren-geltokia eta Gerra Errota lotuko zituen bidearen eraiketaren gorabeheran ikusiko baitugu Zumarragak Gipuzkoako ermandatetik bereizteko hartu zuen erabakiaren arrazoia.
Zumarragan jasota dagoen espedientetik ateratzen dugunez, gure herriak nahiago zuen tren-geltokia eta Gerra Errota bitarteko bidea Lasako glorietatik igarotzea, ibaitik hurbilago joanez Areitzagako Baroien etxeraino, eta honetatik, berriz, Kalebarrenera eginez; gero, Elizaberritik egitekoa zen bide berriaz baliatuz, tren-geltokira helduz, gaur egungo Secundino Esnaola kalean gora. Izan ere, proposamen hau merkeagoa zen, eta aterako zen bidea ere hobea inondik ere, lau samarra izanik ez baitzuten mendi-zati handirik moztu behar, ezta eraikin edo monumentu apartekorik suntsitu ere.
Probintziarentzat ere merkeagoa zen, zeren eta behar ziren desjabetzapenek ez zuten inongo eraikin garrantzitsurik ukituko; gainera, sail horietan zehar eginez gero, Urretxuk proposatutako irtenbidea baino merkeagoa izango litzakete, ze honen arabera herriko parrokiaren eta udaletxearen beraren zati bat bota beharko zuten. Are gehiago, urretxuarrek proposatutakoak kale estu eta aldapa handiko bat igaro beharko zuen, eta Zumarragarenak, berriz, eraikin garrantzitsurik ez eraisteaz gain, ez zuen paraje latzagorik ere zeharkatzen; zeharo bestela, bide lauagoa eta motzagoa izango zen, eta Urretxuk ere abantailak izango zituen, zeren eta kale bat altxatzeko modua izango baitzuen horrela jokatuz gero. Bidaiariek, ostean, ez zuten aldapa latzik igaro beharko.
Gainera, arkitekto askoren txostenek proposamen horixe egiten zuten, baina Probintziak urteak behar izan zituen gaiari egiaz heltzeko (1859tik 1863ra arte); aitzitik, Probintziak ez zuen astirik galdu Urretxuko parrokiaren eta udaletxearen zati bana botatzearen alde agertzeko (Probintziak ordaindu beharreko lan horietarako, Urretxuk kalte-saria eskatu zuen).
Esanaren lekuko ditugu hurrengo hitzok, garai hartakoak baitira: "komunikazioa Urretxutik eginez gero, Urretxuko Udaletxe ondoan dagoen bidegurutzeraino helduko da, eta horixe da, hain zuzen ere, Gipuzkoan diren bidegurutze txarretan txarrenetakoa, zeren eta kale batean elkartzen baitira lau, eta batetik zein bestetik datozen gurdi edo kotxe-gidariek ezin dute ezer ikusi, bidegurutzeraino bertaraino sartu arte".
Era berean, urretxuarren proposamenari segituz gero bide luzeagoa izango zela aipatzen zuen Zumarragak, eta aldapa txarrekoa gainera zati batean; berriz, Zumarragak proposatutakoa gauzatuz gero, bide motzagoa eta arinagoa izango zen.
Zumarraga prest zegoen Lasako glorietatik Baroien etxerainoko bidearen eraiketa ordaintzeko, eta Probintziari gauza bakarra eskatzen zion, herri erabilpenekoa deklaratzea bidea, baina honi ere aurka egin zion Probintziak.
Osterantzean, elizan hasi eta tren-geltokiraino heltzen zen albo-bidea eta Elizaberria lotzekoa ere eraiki behar zen, baina atzerapena zen nagusi, zeren eta Batzar Nagusiek onartu bazuten ere proiektu hau 1860an, artean hasi gabe baitzeuden lanak.
Gauzak horrela, honi guztiari aurre egiteko, Zarauzko Batzarretan zirela 1863ko uztailaren 9an, Soraluze altxatu, eta hainbat prokuradore saiatu zirenean hura isilarazten, ez baitzuten honi buruzko kontu gehiago entzun nahi, Korrejidoreak hitza ukatu zion Soraluzeri; halatan, eta Zumarragatik jasotako aginduei jarraiki, denei aditzera eman zien Zumarragak uko egingo ziela aurrerantzean Gipuzkoako Probintziarekiko zituen eskubide zein betekizun guztiei, eta besterik gabe alde egin zuen.
Horrela gauzatu zen, azken batean, Zumarragaren eta probintziako instituzioen arteko etena, eten laburra inondik ere.
Zumarragako artxiboan dauden agiri historikoak aztertu eta gero, nire iritziz adierazi beharrekoa da gure herriak zuzen jokatu zuela, eta bere onerako zein probintziaren onerako izango zen proposamena egin zuela. Halaber, Urretxuk ahal izan zuen moduan egin zien aurre arrazoi "teknikoei", herriaren etorkizun estrategikoaren kalteko baitziren; izan ere, erabakitzen ari ziren gaiak garrantzitsuak ziren, esate baterako nola kendu ibaiaren bihurgune arriskutsu hura, trenbidearen injineruen lana erraztearren, eta uholdeak saihestearren, edota nola eraiki bide motzago eta zuzenago bat, Urretxuko eraikin garrantzitsu batzuk hondatu behar baziren ere. Jarrera biak gogoan hartzekoak dira, eta seguru dakit Urretxuko agintariek eta Zumarragakoek elkarren jarrerak ulertuko zituztela, bakoitza bestearen aldean tokatuz gero. Horregatik, ezin esan Zumarragako agintariak Urretxukoen kontra aritu zirenik, baizik eta iritzi ziotela Probintzia bera ari zela bultzatzen Urretxuko agintariek defendatzen zituzten jarrera "politikoagoak", arrazoi teknikoak bazter lagata.
Autorea: Antonio Prada