Saltar al contenido.

Menu nagusira joan.

Zumarragako Udaletxea

Zumarragako ezkutua
Zumarraga.net

Kultura [Aldizkaria]

1998ko Abendua

Agiri artean jasotakoa

SANTA LUTZITAKO FERIARI BURUZKOAK

Santa Lutzitako feria Erdi Aroan egiten hasi bide zen, garai hartako beste hainbat merkataritza feriaren antzera. Garai hartako europarren artean ohizkoa zen, urteko garai jakinetan egitea urteko tratuak, merkataritza hartu-emanak alegia, eta nekazaritza bizibide zuen gizarte eredu hertsi hura, egun batzuetan bederik ere, itxuraz aldatzeko aukera bihurtzen ziren.

Feriak izaten ziren asko eta askorentzat sorlekutik irteteko aukera bakarra, lurralde berriak ezagutu eta bizimoduan aurrera egiteko, ez baitzen oraingo aurrerapiderik ez garraioan ez ezgupideak trukatzeko.

Frantzia eta Italian Erdi Aroan egin ohi ziren feria haundi ospetsu haiek beste hainbat herrialderen garapen ekonomikoa eragin zuten dudarik gabe, merkatal gaien produkzioan espezializatutako hirien sorrera ekarri zuten (Flandes, Italiako iparraldea, ...) eta gerora, merkatal iharduera horien itzalean garatutako eskulangintzak eta industriak, beste hainbat faktorerekin batera, gizarte eredu berri baten oinarri bihurtuko ziren, Ertaroko gizarte eredu zaharra hankaz gora jarriko zuena.

Aro Modernoan ere feriak hazi eta garatzen joan ziren. Hemendik oso urritira gabe daukagu eredu bat Espainian, Europa mailan garrantzi haundikoa, Medina del Campon, espainiarren eta Europarren arteko merkatal hartu-emanen gune garrantzitsu izandakoa.

Euskal Herriko barruko aldean ere egin izan ziren hainbat feria, gizaldi eta gizaldietan iraun zuen gizarte eredu itxi hura gainditzeko ahalegin gertatu zirenak, izan ere, gizarte egitura egonkorra baitzen ordukoa, batipat nekazaritzatik bizi zena, eta hiri nahiz eskualde batekoek bestekoekin hartu-emanak izateko aukera gutxi eskaintzen zuena.

Goierrin ere aspaldidanik da ezaguna Santa Lutzitako feria, XVIII. gizaldiaren hasierako aipamenak ezagutzen ditugu, eta bertan ikus daitekeenez Ezkioko Anduaga auzoko Santa Lutziko elizaren inguruan egiten zen; uste izatekoa da feria ospetsu honen izena hortik datorrela.

Baina gauza nabarmena da, inguru hartan ez zituztela izango halako jarduera batek beharrezko zituen azpiegitura eta zerbitzuak, ez zela tokirik egokiena gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari zen feria egiteko.

Hala, 1726. urtean Iruñako Gotzaiak ikustaldia egin zuen bere elizbarrutiko herrietara, eta ziurrenik, jakin izango zituen feriari buruzko hainbat gora-behera, hala nola, eremu zabalean egiten zela, negu begiko gau hotzetan non babesturik ez zegoen tokian ondoko eliza barruan izan ezean (gizonezko nahiz emakumezkoak eliza barruan hotzik ez pasatzeko). Hori ez zela itxurosoa iritzita, nonbait, are gutxiago eliza baterako, Gotzainak gomendioa egin zion urte hartan Ordizian egitekoa zen Batzar Negusiari feria hura galerazteko, eta halaxe egin zen.

Aukera hura suertatu zela baliatuz, Urretxuko hirbilduko hainbat jauntxok (aipatzekoak dira Arezaga, Jose Joaquin del Corral y Zarauz, eta beste hainbat) Santa Lutziko feria Urretxun egiteko eskubideak eskatu zituzten.

Felipe V. Erregeak 1727ko maiatzaren 27an emandako Errege Zedularen bidez Urretxuri eman zion Santa Lutzitako feria egiteko baimena.

Abenduaren 8an hasi ohi zen feria eta abenduaren 13an bukatu, egin beharreko tratuak eginda.

Hemeretzigarren mendea aurreratxo joan eta gero ere Urretxun bakarrik egiten zen feria, baina 1868. urterako baziren Zumarragan erakutsi eta saltzeko postuak jartzen zituztenak. Hain zuzen ere, urte hartan Justo Artizek udaletxeko arkupetan orrazi erakusketa jarri zuen.

Urretxu ez zegoen atzera begira egoteko, eta Manuel de Basagoiti alkateak protesta egin zuen probintziako eta estatuko agintarien aurrean esanez Zumarragak saltokia eskaintzen zuela dohainik feria tokitik kanpo. Feria egin eta feria egiten utzi nahi ez zuenaren arteko sestrak urte asko iraun zuen.

Mende honetako gerraren aurreko eta ondorengo urteetan, feriarik garrantzitsuena Urretxuko aldapa esanda ezagutzen dugun tokian egiten zen, Baroikoa etxearen ondoan gora Altamira baserriraino. Hala ere, Kalebarrenen, Piedad kalean edo Bidezarren ere nonahi jarri ohi ziren saltzaileak, nonbait tokia behar eta besterik gabe. Berrogeita hamarreko hamarkadan hartu zuen berealdiko garrantzia Zumarragan Santa Lutzitako feriak.

Pixkana pixkanaka, Zumarragak toki erosoagoa zuelako edo begi zorrotzagoa izan zuelako, Urdaneta hiribidean hasi ziren abereak jartzeko tokia eskaintzen, eta horren inguruan joan ziren hazten gaur egun ohizkoak ditugun makina feria, errezil sagar lehiaketa, oilasko eta kapoien feria, e.a.

Urte batzuk izan ziren, 1979tik 1987ra bitartean edo, feria geltokietako plazan egindakoak, baina Ertzainetxea eta eraiki zirenean, han nahikoa toki ez eta harrez gero, berriz ere Urdaneta hiribidean egin izan da feriaren atalik garrantzitsuena.

Zumarraga.net web guneko informazioa

Gipuzkoa.net