Udal Aldizkariaren ale hau zortzigarrena dugu dagoeneko. Gure herrian 2000ko apiriletik uztailera arte gertatutako hainbat gauza biltzen ditu. Gauzarik azpimarragarrienen artean ditugu Zelai Arizti zine zaharraren lokala egokitzeko obrak; izan ere, Eskualdeko Antzokia egiteko lan hauen 3. fasea, ekipamendu teknikoari dagokiona alegia, kontratatzear dago, eta ezustekorik ezean, datorren urterako izango dugu erabilera anitzeko kultur areto bat.
Era berean, Udal Hilerriko Zerbitzu Eraikina Egokitzeko eta Handitzeko lanak amaitu dira. Gainera, gauzatze bidean daude azpiegitura lan batzuk, ur-zuzkiduraren arloan, bi udal depositu berri eraikitzen ari baitira. Bide batez, adierazi behar da oporraldia hasi aurretik enkantera atera dela Esteban Orbegozo Pasealekuko hiritartze-lanen 1. fasea, eta herriko beste auzo batzuk hiritartzeko proiektuen erredakzioa abiatzeko agindu da. Udal Aldizkariaren hurrengo alean, gai hauei guztiei eta beste zenbaiti buruzko informazio zabalagoa eskaini ahal izango dugu. Oharra: edizio hau ixteko unean, aditzera eman behar dugu Zumarragako Udaleko zinegotzi Manuel Indiano jauna, Alderdi Popularrekoa, hil egin dutela. Goian bego.