Eskubaloi-jokalaria. Gipuzkoako txapelduna eta Euskadiko txapeldunordea eskola mailan, Labeaga ikastetxearekin. Gipuzkoako eta Euskadiko selekzioetako jokalaria, bai kadete mailan bai haur mailan, Espainiako Jubenil mailako Txapela lortuz 1995-96an.
Espainiako selekzioarekin internazionala izan da 15 aldiz. Espainiako Eskubaloi Federazioaren '2000 proiektua' delakoan sartua. Gaur egun Alacanteko "Alda Elda Prestigio" taldean ari da, Ohorezko Mailan, eta honekin lortuak ditu Liga txapelketa (1998-99), eta Erregina Kopan txapeldunordea izatea (1998-99). Liga Txapeldunen Europako Ligan ere parte hartu du (1999-2000). Aurtengo denboraldian, 2000-1ekoan alegia, Europako Errekopan parte hartuko du.
Galderak eta erantzunak
Nola abiatu zinen eskubaloiaren munduan? Izan al da zure ahizparen eraginik?
Eskolan. Esan zidaten kirolen bat egin behar nuela, eskubaloia, futbola eta saskibaloia. Futbolean hasita nengoen ordurako, saskibaloia ez nuen oso gustuko, eta eskubaloia ezagutzen nuen, nire ahizparen bidez; zalantzarik gabe, ahizpa dagoeneko sartuta egoteak eragina izan zuen nire aukeran. 10 bat urte izango nituen.
Zelai Arizti Ikastetxean hasi zinen. Nolatan heldu zinen Labeaga Ikastetxean jokatzera?
Nire lehen denboraldian behar beste jokalari bazegoen Zelai Ariztin taldea osatzeko, baina hurrengoan, kontu normala neska artean, gehienek ez zuten izenik eman taldean. Nik jokatzen segitu nahi nuen, eta nire lagun gehienak Labeaga Ikastetxean ari ziren ikasten. Horrenbestez, moldaketa txiki batzuen ondoren, haiekin jokatzen segitzea lortu nuen.
Zer izan zen zuretzat haur mailan bertan Gipuzkoako txapelketa lortzea?
Beno, haur mailan kontu hau gogorragoa zen, eta dedikazioa ere handiagoa eskatzen zuen. Dena den, une hartan izugarrizko poza izan zen, ia-ia liga irabaztearen parekoa, eta denak negar batean amaitu genuen. Oso hunkigarria izan zen. Oso zirraragarria. Gainera, urte horretan bertan Euskadiko txapeldunorde izatea ere lortu genuen.
Arrakasta hark zenbait talderen ateak zabaldu zizkizun, tartean Arrate, Hernani eta Bidebietarenak, zergatik orduan Arrate?
Une horretan nire ahizpa Arraten zegoen. Ni oso lotsatia nintzen garai hartan, eta taldean nire ahizpa egotea zeharo lagungarri gertatu zitzaidan erabakia hartzeko.
Orduan uste al zenuen zure ahizpak lortutako emaitzak berdintzeko gai izango zinela?
Ez, jakina. Ohorezko Mailan jokatzea sekulako ametsa zen niretzat. Gero zertzeladek lagundu egin didate: Ohorezko Mailara heldu naiz, Liga irabazi dut, nazioarte mailara iritsi naiz. Oraindik ere asmo handiak ditut, lortu nahi ditudan gauza asko, baina orduan pentsatu ere ezin nuen egin nire bizitzan horrelakorik egingo nuenik.
Euskadiko Selekzioaren deiak halako zirrararen bat eragingo zuela pentsatzekoa da, baina zer sentitu zenuen Espainiako Federazioak '2000 Proiektura' deitu zizunean, Fadurara (Getxora)?
Benetako ustekabea izan zen. Izan ere, okerreko deia zela pentsatu izan nuen. Zer egin behar nuen, bada, nik han? Baina gero, pentsatu nuen nigan zerbait ikusiko zutela. Azken batean, ustekabe galanta eta izugarrizko poza izan zen.
Nolakoa izan zen Fadurako esperientzia? Sakrifizioa eta maila pertsonalean gauza askori uko egitea eskatzen al du?
Sakrifizioa. Ordu asko entrenatzen, eta beste guztiak ikasten. Zentrotik irteteko aukerarik ere apenas genuen. Gogorra izan zen, baina bide batez oso esperientzia positiboa, eta ez kirol kontuetan bakarrik
Arratera itzuli zinen, han beste denboraldi bat eman, eta beste klub batzuetako eskaintzak iristen hasi zitzaizkizun. Zergatik erabaki zenuen Eldaren eskaintza onartzea? Zer bultzatu zintuen horretara?
Faduran denboraldi bat eman genuen Ohorezko Mailan, eta Eldaren aurka jokatu genuen. Atentzioa eman zidan talde-jokoak, lagunarte giro bikainak. Ez dakit, azkenean gogoan dituzun gauza eta inpresio horiek bultzatzen zaituzte. Hots egin zidatenean ez nuen zalantza izpirik izan, eta hara joatea erabaki nuen.
Nolako helburuak zenituen, etxetik kanpo eta askoz itxura profesionalagoko kontratu batez?
Helburu nagusia asko ikastea zen, lortu nahi nuen mailara heltzearren. Taldekideak oso maila handikoak ziren. Eta kalitate honekin bat lagunarteko giroa, eta denen arteko laguntza giroa zegoen, bai gauza berriak ikasteko bai norberaren jokoa hobetzeko. Espainiako selekziora heldu eta jokalari zein pertsona gisa halako heldutasun bat lortu ahal izan dut.
Jokalari zein pertsona gisako heldutasuna aipatu duzu. Zein dituzu, bada, kirol helburu, eta zein, berriz, pertsona gisako jomuga?
Gaur egun, eskubaloiaz ari naizela, maila gorenera iritsi nahi nuke, beste Liga bat irabazi, Europan ibili eta emaitza politak lortu. Maila pertsonalean, kirolari guztiek bezalaxe, heldutasuna eskuratzea eta halako arrasto bat markatu duen jokalaria izatea gustatuko litzaidake.
Hau da, pisu handiko jokalaria izatea, Iñaki Urdangarinek lortutakoaren antzeko zerbait. Nola hartu zenuen berria?
Izugarrizko ustekabeaz. Izan ere, Zumarragakoa zenik ere ez nekien, eta horren ondorioz enteratu nintzen. Bai, horixe, ustekabe galanta eta sekulako poza. Ni kanpoan nengoen, Eldan uste dut, eta nire herriaren promozioa egitearen antzeko zerbait izan zen. Hori da, ustekabe handi eta polit bat.
Zure ustez, Iñakiren figurak izan al du eraginik eskubaloian, hala gizonezkoen nola emakumezkoenean?
Begi-bistakoa da hori gizonezkoen eskubaloian, hala telebistetan nola babesleen artean. Emakumeok, berriz, bazterrean segitzen dugu.
Bazterrean segitzen baduzue, zer esango zenieke Urolan ari diren neskei, zu beste garai batean bezala orain ari baitira mundu honetako lehen pausuak egiten?
Zer esan? Ba, lan asko-asko egiteko, joko bat dela ez ahazteko, eta sekula ez hartzeko sufriarazten zaituen kontu bat bailitzan, ez baita hain serioa, baina betiere lan asko-asko egiteko, eta lan horren bidez disfrutatzeko.
Txikitan, zer izan nahi zenuen?
Sona handiko norbait, eskubaloiko jokalari handi bat.
Zer gustatzen zaizu egitea astia duzunean?
Batez ere nire lagunekin, neska zein mutilekin egotea.
Nork ezagutu nahiko zenuke?
Ez dut horrelako aparteko inor, beharbada Andersen, munduko jokalari onena omen da eta, baina kontu honek ez dit loa galarazten.
Esateko moduko biziorik bai?
Ez dakit esateko modukoa den baina... erretzea.
Bete gabeko ametsik?
Bai, esaterako Espainiako Selekzioaren mailan, txapelketetan aritzea, esaterako Munduko Txapelketaren batean.
Maniarik bai?
Maniarik? Azkazalei kosk egitea.
Gaua ala eguna, zer nahiago?
Egunez nahiago, eguzkiak bizi asko ematen du.
Platerik gustukoena?
Pasta carbonara erara.
Ura ala ardoa?
Ura esan beharko nuke, baina ardoa.
Zer baloratzen duzu gehien pertsona batengan?
Zintzotasuna, pertsona zintzoa izatea, gauzak argi izatea, eta horien arabera jardutea.
Bisitatzeko toki bat?
Gustura egoteko moduko edozein, bista onak, aire freskoa, eta nahikoa da.