Saltar al contenido.

Menu nagusira joan.

Zumarragako Udaletxea

Zumarragako ezkutua
Zumarraga.net

Kultura [Aldizkaria]

2000ko Abuztua

Artxiboa.Agiri artean jasotakoak.

Espainiako monarkiak interesen handiak zituen Marokon, Errege Katolikoek 1487an Melilla hartu zutenetik bai behintzat. Geroago, Gaztelaren hedapen edo handitze hori Amerikarantz bideratu zen. Ceuta ere monarkiaren mendean geratu zen, ze 1415az geroztik portugaldarrek hartua zutelarik, koroa biek bat egitean Felipe II.aren garaian, gaztelarren kontrolpean geratu zen. Pausu hauen guztien bidez, Austria espainiarrek garbi asko erakutsi zuten interes handia zutela, behintzat Marokoko inguru batzuetan segitzeko.

Presentzia hau ez zen baketsua izan, eta kolonia guztietan izan ohi den bezala, kolonizatzaileen eta kolonizatuen arteko liskarrak etengabekoak ziren (kolonizatu hauen artean zeuden Marokoko sultana eta Kabilak, inguruko tribu-taldeak alegia). Talde hauek borroka ugari eragin zuten, Rif inguruan batik bat, eta latzenak 1556, 1774 eta 1775ekoak izan ziren. XIX. mendean erabateko gerra lehertu zen 1859az geroztik (ordurako espainiarrek beretzako hainbat onurazko akordio lortuak zituzten, eta Chafarina irlak ere okupatuta zituzten, 1848az geroztik). Egoera erabat normalduta zegoela, eta 1859an Tetuango Ituna egin ostean, Angherako mairuek Ceuta erasotzeak espainiarren interbentzioa eragin zuen; Leopoldo O'Donnell izan zen interbentzio honetako burua, eta nazioarteko potentziek ez zuten ezer egin.

Gerra honetan, 40.000 gizon inguru aritu ziren. Probintzia guztiek dirua eta gizonak jarri zituzten. Gizonei dagokienez, Probintziak berak, 1859ko abenduaren 24an, orduan Ignazio Alzola buru zuen Udalari jakinarazi zion zozketa bat egin behar zela, 20 eta 30 urte bitarteko gizonezkoen artean. Halaz, 1859ko abenduaren 29an egin zen zozketa hori Udaletxean, eta bertan 45 gizon sartu ziren (guztira 56 ziren, baina batzuek salbuespena eskatua zuten, hainbat arrazoi zela eta). Zozketa bera gizon eta senideen aurrean egin zen, 45ena papertxoz osatutako bi multzoz; paper multzo batean 1etik 45erako zenbakiak zeuden jarrita, eta bestean zozketan sartutako gizonezkoen izenak.

Hurrena, hamar urtetik beherako bi ume hartu zituzten, banan bana atera zitzaten multzo biotako papertxoak, eta idazkariak apuntatu zuen gizon bakoitzari zegokion zenbakia. Deialdia ez betetzeko aukera ere bazen, ordezko bati dirua emanez gero, bai interesatuak berak bai bitartekariren batek, eta zazpi gizon baliatu ziren aukera horretaz. Ordezko bakoitzari, berriz, 4.000 eta 7.000 erreal bitarteko kopurua eman zioten. "Odolezko" kontribuzio honetaz gain, zumarragarrek diruz ere egin behar izan zuten bere ekarpena, eta 18 eta 20 urte bitarteko gizonezkoek 6.400 erreal eman zituzten, 20 eta 30 urte bitartekoek 28.000 erreal, eta 30 eta 40 urte bitartekoek, berriz, 4.160 erreal. Azken batean, Zumarragak ere bere ekarpena egin zion gerrari.

Gerra hau 1860ko apirilaren 26an amaitu zen Wad-Raseko Itunaz, sultanak bakea eskatu baitzuen. Gerra honi buruzko anekdotatxo bat: marokoarrei kendutako kanoiak urtu eta gaur egun espainiar Gorteetako ateak "zaintzen" dituzten lehoiak egin zituzten.

Zumarraga.net web guneko informazioa

Gipuzkoa.net