Edukin nagusira joan.

Menu nagusira joan.

Zumarragako Udaletxea

Zumarragako ezkutua
Zumarraga.net

Kultura [Aldizkaria]

2000ko Apirila

Elkarrizketa

Datoak
Angel Cruz Jaka Legorburu-en argazkia
Izena:
Angel Cruz Jaka Legorburu
Jaioterria eta data:
Zumarraga, 13 de Septiembre de 1914.
Biografia:
Akademia Ibiltariaren kidea. Hainbat liburu eta artikulu ugari egin eta argitaratu ditu, Euskal Herriko Historiari buruz. Bere produkzioaren zatirik garrantzitsuena -titulu asko eta asko dira, oraindik ere, argitaratu gabe daudenak- Zumarraga eta Urretxuren ezaugarri eta gorabehera nagusiak azaltzera bideratu du: "Sinfonía en Zumarraga" (1967), "Historia de los Ipeñarrieta" (1978), "Iparraguirre, en el centenario de su muerte" (1981), "Ensayo para una Historia de Urretxu" (1983), "Nicolás de Soraluce y su tiempo" (1984), "El solar de los Legazpi" (1992), "La Antigua. Santa María de Zumarraga, Catedral de las Ermitas" (1996).
Galde erantzunak
G: Esango al zeniguke zer zen Akademia Ibiltaria, nola sortu zen, zein helburu zuen eta zein ziren haren kide?
E:Ustekabez sortu zen 1961ean, eta galerazpenez betetako garai hartan, Euskadiren kultur berpizkundea bilatzen zuen. Kultura peripatetikoaren garaia zen, xerra birrineztatuzko eskolastikarena. Partaideak aldatu egiten ziren, landu beharreko gaiaren eta bilera tokiaren arabera, baina tartean ziren, besteak beste, Peñafloridako Kondea, Ignacio Uria, Jose Mª Busca Isusi, Jose de Arteche, Luis Pedro Peña, Luis Martín Santos, Jorge Oteiza, ...
G: Gogoan al duzu lehenbiziko bilera, nola antolatu zen eta zertaz aritu zineten?
E:Nire mandatari lanbideaz, Jose Mª Busca Isusiren lagun handia izateaz gain Aranzadi taldeko jendearekin ere harremanak izan nituen; garai hartan, Joaquin de Mendizabal Peñafloridako Kondea zen taldearen arima. Halako batean esan zidaten Joaquin Mendizabalek paseo "zientifiko" moduko bat egin behar zuela. Dozena erdi bat bilduko ginen. Gogoan dut han ginela Zapirain (Gabriel), Arana izeneko bat ..., beno, orain ez ditut izen guztiak gogoratzen. Gero, Jose Segura nire lagun legazpiarrarekin batera, pentsatu nuen Lope de Agirreren laurdentze edo zatikatzearen laugarren mendeurrena ospa genezakeela haren jaioterrian, Araotzen, eta hainbat jende gonbidatu genuen, hala nola Lasa doktorea, Ramon Zulaica, Peña Santiago, Martin Santos, Jorge Oteiza, Alvaro Valle Lerchundi, Zavala, Busca Isusi, Arteche, Elias Amezaga, etab., etab. Erantzuna masiboa izan zen, eta askok eta askok lagunak ekarri zituzten berekin: Vicente Urkola, Reyes Corcostegui, Iñaki Zumalde, Peña Basurto, Jose Antonio Ayestaran, Antonio Valverde. Ez litzaidake inor ahaztea gustatuko. Beraz, onena Auñamendiren liburura jotzea da, han jasota baitaude bildutako guztien izenak. Gero Aizarnan bildu ginen atzera, eta han Pepe Villar-i eta 98ko belaunaldiari omenaldi bat egin genien; eta Ataunen bildu ginenean, Aita Barandiarani omenaldia egin genion. Hau guztia 1961ean izan zen.
G: Bilera horietan beste zein gai lantzen zenuten? eta nola?
E: Gaiak askotarikoak ziren, eta beti zituzten lagun otordu bikainak, ezin bestela izan Busca Isusi bertan zela; bildutakoak eztabaidan eta solasean aritzen ziren, bilerak antolatzeko aukeratutako gai nagusiarekin lotutako zenbait kontuz. Esaterako 1962an, Olaberrian, Euskal Herriaren jatorri izpiritualei buruz aritu ginen: Ayestaranek gure lurraldean kristautasunaren sarrera hartu zuen hizpide, Oregik, berriz, protestantismoa eta Inkisizioa, Lasak San Cyran eta pentsamolde jansonista, etab. 1962ko apirilean Orexan (Nafarroa) elkartu ginen, eta Nafarroari buruz aritu ginen, historian zeharreko ibilbide bat eginez; diskurtsoak eskaini zituztenak hurrenak izan ziren: Peña Basurto, Montero Sagasti, Zumalde, Trino Uria, Urcola, Peña Santiago, Ayestaran, Lasa, Oregi, Zavala, Busca eta Uria.
G: Nolako partaidetza zenuen bilera horietan? Zeuk proposatu al zenuen Akademia Ibiltaria izena?
E: Pentsatzekoa denez, zientziaren arlo desberdinetan hainbesteko jakinduria biltzen zuten haien artean nire ekarpena, apala beti, landu behar zen gaiaren sarrerako hitzalditxoa egitea izan ohi zen nagusiki. Bigarren galderari dagokionez, ez, ez nintzen ni izan izena proposatu zuena. Erabat ziur esaterik ez dudan arren, oker ez banago Martin Santosi aditu nion lehenbiziko aldiz titulu hori.
G: Garai hartako zentsurarekin arazorik izan al zenuten?
E: Jakina. 1963ko azaroan Mandubian elkartu ginen, eta halako aparteko gairik ez zegoen arren, euskarari eta euskal herriari buruz aritzeko bilera bat antolatzeko aukeraz hitz egin genuen. Gainera, bildutakoetako batek bilera-sistema aldatzea proposatu zuen, eta beste era batera antolatzea, beste itxura bat emanez. Kontu hau arriskutsua zen ordea. Herri guztietan zeuden salatariak, eta zaila zen inor ez konturatzea. Kontu egizu, dozena bat lagun, denak kanpotarrak, kotxez heldutakoak, etab. Azkenean susmoak sortu ziren eskuartean genuenari buruz. Eta galderara itzuliz, Mandubiako bilera egin eta astebetera Donostiako Brigada Sozialetik hots egin zidaten, eta bildutakoei, landutako gaiei eta beste hainbat konturi buruz galderak egin zizkidaten. Beste bitan-edo hots egin zidaten. Baimena eskatu behar izan nuen Zerainen bilera bat egiteko, hamar pertsona baino gehiago ginen biltzeko, eta landu beharreko temarioa ere aurkeztu behar izan nuen, baitzen "El vascuence como lengua del pueblo vasco", Koldo Mitxelenarena. Beno, kontua da Gobernadore Zibilak (Valencia Remón izeneko hark) baimena eman zigula bilera egiteko. Hala eta guztiz ere, atzera hots egin zidaten Brigada Sozialetik eta beno ..., horretan utzi behar izan genuen kontua.
G: Beste gai bati helduz, noiz eta nola hasi zinen historia kontuez interesatzen?
E: Ikaskuntza-oinarririk gabeko pertsona banaiz ere, 13 urte nituela hasi bainintzen ihi eta zumezko altzariak egiten zituen lantegi batean lanean, oso gaztetatik gustatu izan zait Historia kontuak irakurtzea.
G: Gaur egun, zure ustez, interes handiagoa edo txikiagoa dago historia gaiez, duela 50 edo 60 urte baino?
E: Nire ustez jende gehienari gustatzen zaio historia, baina eskura emanda. Ez da bizi izateko beharrezkoa, eta halaz, beti berdin segituko du, bai lehen bai geroago ere. Gainera, historialarientzat eta batez ere niretzat eta beste batzuentzat, Francoren azken urteak hobeak izan ziren oraingoak baino. Izan ere, orain jendea politikaz blai eginda dago, eta alderdiaren karneta ere behar dela uste dut.
G: Zure liburu guztietan aipatzen duzu artxiboetan lortutako dokumentazioa. Zer iritzi duzu egun diren artxiboei buruz, oro har, eta batez ere Zumarragako artxiboaz? Zure ustez, zerbait aldatu beharko al litzateke?
E: Niri poztasuna ematen didate, halako asetasun bat. Askotan, bost ordu bost minutu bihurtzen ziren. Oso egoera onean daude, eta zerbitzua ere arduratsua eta ongi prestatua da. Sekula ezingo diegu behar bezala eskertu hainbesteko aberastasun material eta izpirituzkoa utzi zigutenei.
G: Zure ustez, administrazioak oro har eta udalek bereziki, behar besteko kezkarik adierazten al dute historia kontuen inguruan? Politikoek gehiago murgildu beharko al lukete herriaren historian, eta bide batez historia honen ezaguera eskaini belaunaldi berriei?
E: Hor konpon. Ni dagoeneko zaharra naiz, eta ez dut aholkurik ematen. Dagoeneko hiru belaunaldi igaro dira, eta sistema oso desberdina da. Denak pozik egon daitezke, nik dudan ezaguera baino askoz zabalagoa dutelako.
G: Zure obraren zati handi-handi bat argitaratzeke egote horren arrazoia zein da, baliabide ekonomikorik eza edo? Behar besteko laguntza jaso al duzu erakundeetatik, zure lanak argitaratu ahal izateko?
E: Pozik nago dagoeneko argitara ateratakoarekin. Eta artxibatutakoarekin, berriz, bizirik nagoen bitartean gozatzen segitzeko adina badut.
¿ G: Jarraituko duen trazarik hartzen al diozu Zumarragaren herri-historian egin duzun lanari?
E: Gustatuko litzaidake jakin behar izan dudan eta jakin behar dudan guztia Zumarragako eta Urretxuko guzti-guztiek jakitea. Beti, bizi naizen artean, denen eskura egongo da, baina informazioa lortu duten iturria aipatuz, hori bai. Gero... espero dut nire seme-alabek familiaren altxortzat gordetzea. Esperantza badut nire hamalau bilobetako bat edo besteri baliagarria izatea.
G: Zein aholku emango zenieke gaur egun historian interesatuta dauden gazteei?
E:Interes hori mantentzeko esango nieke, niretzat zoragarria izan baita. Baina pontifikatzeko heldutasuna behar da, apala izatea, begirunez jokatzea eta akatsak ere izan ditzakegula onartzea.
G: Nola ikusten duzu Zumarraga, kultur, gizarte zein ekonomi arloetan? Zer-nolako bilakaera sumatu duzu Zumarragan, zure ume garaietatik hona?
E:Historiak erakusten digu gertakizunak errepikatu egiten direla, era batera edo bestera. Errealitate fisikoa aldatu da, baina gizateriak bere horretan dirau, beti bezala.
G: Baina zein proiektu duzu gaur egun eskuartean? Zure lanen bat ikusiko al duzu epe laburrean?
E:Nire proiektua lanean segitzea da, ahal dudanean lanean. Lehen egindako lanak zuzentzeaz eta eguneratzeaz gain, beste hiru liburu izan daitezkeen lanean ari naiz: "La guerra de dos pueblos - Urretxu y Zumarraga", "Sosabarro, Iparraguirre y el Arbol de Guernica" (bi liburuki) eta "Historia de un pueblo: Zumarraga" (6 koaderno, eta bakoitzean 10 apunte).
G: Konforme al zaude urteetan zehar eraman duzun bidearekin, edo beste helbururen bat lortzeko aukera izan duzula uste duzu? Zure historialari bizitzan zehar, ba al da aipamen berezia egingo zenukeen unerik?
E: Konforme nago, oso konforme eta pozik lortu dudanarekin. Bigarren galderari dagokionez, nik baino askoz gehiago zekiten haiekin hartu-emanetan izan nintzen urteak, Akademia Ibiltariarenak alegia.

Zumarraga.net web guneko informazioa

Gipuzkoa.net