Edukin nagusira joan.

Menu nagusira joan.

Zumarragako Udaletxea

Zumarragako ezkutua
Zumarraga.net

Kultura [Aldizkaria]

2000ko Apirila

Agiri artean jasotakoa

XIX. mendean zehar Iberiar Penintsulan epidemia batzuk izan ziren (sukar horia, kolera, baztanga, eta abar), eta gaitz hauek, zeharka behintzat, Gipuzkoako herriei erasan zieten. Armaden mugimenduek zeregin horretan eragin handia izan zuten.

XVIII. mendeko azkeneko urteetatik aurrera, tifus eta disenteriak Nafarroa eta Gipuzkoako herriak jo zituzten, eta gaixotasun horiek jotakoak 30.000 pertsona izan ziren bi lurralde horietan. Era berean, 1813. eta 1823. urteetan Gipuzkoako kostaldean epidemiak izan ziren (sukar horia nagusiki), Frantziarekiko mugaldean dauden herrietan batez ere.

Muga ondoko herriek gainontzekoek baino aukera gehiago zituzten izurriteak jasateko; izan ere, pertsona eta merkantzien mugimenduez oso erraz heda zitezkeen gaitzak, eta mugaren alde batean zein bestean, oso kontu handiz ibili beharra zegoen, gaixotasunetik libre geratzeko. 1830. urtean baztanga agerraldi baten berria dugu Zumarragan, eta garai horretarako larria zen gaixotasun hori.

Gaitz horren aurka jotzeko modurik onenetako bat garai hartan aurkitu berria zen txertoa suertatu zen (behiek jasaten zuten eta gizakiei kutsatzen zitzaien gaixotasun betetik datorkio izena txertoari. Baztangaren aurka inmunizatzen zuen). Probintziak udalerrien eskuetan ipini zuen txertoa herri nagusi batzuetara bidaliz, eta Zumarragako medikuek-eta Bergarara joan behar izan zuten bila.

Gure herria zeharka behintzat erasan zuen hurrengo izurritea kolerarena izan zen. Gaixotasun horrek, mendean zehar, hainbat aldiz utzi zuen bere arrastoa Zumarragan, "El cólera morbo asiático del siglo XIX en Zumarraga. Un estudio analítico" izenpean Virgilio Bermejo eta Jose Luis Juan-ek egindako lan argitaragabean jartzen duen bezala. Dudarik gabe, Gipuzkoako herriak modurik larrienean jo zituen gaixotasuna kolera izan zen. Asian agertu ondoren, 1831. urtean Ingalaterra eta Frantziara iritsi zen, eta 1833an Iberiar Penintsulan sartu zen. Urte horretako neguak ia-ia deuseztatu egin zuen, baina hurrengo udaberrian berriro indartu zen, eta Rodilen soldaduek bazter guztietara eraman zuten. Gaixotasunak ez zuen zuzeneko eraginik izan ez Zumarragan ez Gipuzkoan, baina gaitz-gune bat inguruan izateagatik (Frantziako mugan), probintziako agintariek hainbat agindu bidali zieten alkateei, kontu handiz jokatzeko.

Honela, 1831tik 1832ra izandako gaixotasunaren estreinako gaixoaldian, Osasuneko Udal Batzarrei agindu zieten herriak arakatzeko (gauez, posible bazen), komunak garbitzeko, putzu kaltegarriak, iturri, kanil eta zikinkeriak egon zitezkeen lekuak garbitzeko, eta horrelako zaborrak-eta pilatzeko arriskua zegoen toki baxuak harriz edo hareaz betetzeko. Herriko etxe guztietara ere bisita zorrotzak egiteko agindu zieten, eta hauek aireztatzeko edo txukuntzeko egon zitezkeen eragozpenak baztertzeko, bide batez lokal txikietan, batez ere gauez, egon zitezkeen pertsona edota animali kopuru handiak saihesten saiatuz.

Osterantzean, horrelako lokaletan biltzen ziren pertsonei gomendatu zieten egongelak ondo aireztatzeko, eta logelak zuritzeko. Normala zenez, galarazita zegoen kalera botatzea hilik zeuden animaliak edo haien hondakinak, larru puskak, eta abar. Ibaira bota zitzaketen, edota herritik urrun zeuden lekuetan, betiere zainduz ohiko haizeen kontrako norabidean izatea; gainera, hildako animaliak eta hondakinak ondo-ondo lurperatu behar zituzten.

Lan horiengatik sortzen ziren gastuak, herriko diruaz ordaindu behar zituzten. 1832ko maiatza aldera, gaixotasuna eta bere itzala oso gertu egon ziren, eta herri edo foru miliziek kontrolak ipini zituzten. Dena dela, ezusteko handi bat besterik ez zen izan, gaitzak, azkenean, ez zuelako eragin zuzenik izan gure herrietan.

Autorea: Antonio Prada

Zumarraga.net web guneko informazioa

Gipuzkoa.net