1931ko apirilaren 12an egindako hauteskundeetako emaitzen arabera, 10 zinegotzitatik 6 izan ziren EAJkoak, 3 ziren errepublikazaleak, eta bat izan zen ANVkoa.
Apirilaren 14an ezarritako erregimen berrian alderdirik indartsuena ez izan arren, errepublikarrak izan ziren, zalantzarik gabe, egoera politiko berri hartara ondo eta azkarren egokitu zirenak. Izan ere, nahiz eta hauteskunde haietan EAJk lortu izan gehiengo absolutua, ez baitzuen EAJk azpiegitura antolaturik herrian, Alderdiak ontzat emandako agintaririk ez zuen Zumarragan, batzokia bera ere ez zuten 1933. urtea aurretxora joan arte ireki, e.a. Errepublikarrak, ordea, Errepublika eratu aurreko eta ondorengo egunetan, Legazpi kalean zuten egoitzan bildu ohi ziren, eta 1931ko ekainaren 21ean "Alderdi Errepublikarraren Zumarraga eta Villarrealgo Etxea" ireki zuten. Alderdiaren etxea ireki zuten eguneko ekitaldietarako, Alderdi Errepublikarrak Gorteetarako aurkeztutako zerrendako lau hautagaiak -tartean ziren Indalecio Prieto eta Telesforo Monzon- bidaltzeko eskatu zioten "Gipuzkoako Elkarte Errepublikarra"ri, hartara Errepublikarrek-Sozialistek eta ANVk osatutako Batasunaren aldeko propaganda egin zezaten.
Errepublika ezarri apirilaren 14an eta errepublikazaleen lehenengo ahalegina, 1930eko azaroaren 20an eratutako "Zumarraga eta Villarrealgo Komite Errepublikarra"ren bidez, Zumarraga eta Urretxuko Udalak bahitzekoa izan zen, nahiz eta ez zuten burutu, azken orduan zinegotzietako batek iritzia aldatu zuelako. Errepublikarren arteko konponezinaren ondorioz ekintza horrek huts egin ondoren, apirilaren 18an Zuzendaritzak egindako bileran, zenbait zalek zuzendaritzak dimititzeko eskaria egin zuten, baina gehiengoa ez zen erabakiaren alde atera.
Barne eraketako kontuak direla eta, "Elkartea" bere araudi eta guzti eratu ondoren, "Unión Patriótica"ko izandako bazkiderik ez onartzea erabaki zen, ez eta Primo de Riveraren diktadurari publikoki lagundutakorik ere. Barne eraketa erabakitzerakoan sortutako beste eztabaida bat izan zen, bi herrietako bati zegozkion arazoetan herrian herriko bazkideek bakarrik eman ahal izango zuten botua. Gehiengoak, 1932ko maiatzaren 26an egindako Batzarrean proposamen hori atzera bota zuen, eta ondorioz, denen artean jarraitu zuten erabakiak hartzen, herri bateko nahiz besteko gaia izan.
"Elkarte Errepublikarra"ren iritzi politikoa zein zen zehazte aldera, esan, 1931ko abuztuan, zinegotzi errepublikarrak federalista nabarmendu zirela. Hala ere, 1931ko abuztuaren 8an, Ohizko Batzar Orokorrean jarrera alda zezaten saiatu ziren, izan ere iritzi nagusia baitzen zinegotzi horiek Elkarte Errepublikar guztiaren ordezkari zirela, eta Elkartea alderdi politiko batek baino gehiagok osatua zen. Azkenik, garbi gelditu zen Elkartean joera politiko bat baino gehiago zeudela, hala behar zuela gainera, eta zinegotziek azaldutako joera iritzi pertsonala zela.
Zinegotzi errepublikarrek gogor kontra egin zioten Elizari eta elizaren inguruko erakundeei Udalak laguntzaren bat ematea izan zitekeen edozeri, are gehiago dirulaguntza bazen. Hala, 1932ko martxoaren 11an, Udaleko aurrekontuak onartzeko bileran "Aurrikusi gabekoak" izeneko atala onartzea proposatu zen ikastetxe erlijioso bati dirulaguntza emateko. Zinegotzi errepublikarrak erabat kontra azaldu ziren, eta inon direnak egin zituzten dirulaguntza hura ez emateko, Gobernadoreari idatzi, Inspekzio Publikorako Ministeritzari idatzi, e.a. Hilabete batzuk geroago, zinegotzi errepublikar batek salatu zuenez, egunkari batean argitara eman omen zen albistea, herriak 1.500.- pta.ko dirulaguntza eman ziola La Salletarrek zuzendutako Legazpi Ikastetxeko Patronatuari, "arte eta ofizioetako eskola" omen zelako. Gaia aztertu ondoren, Udal Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari gaia azaldu eta salatzeko erabakia hartu zen, hartara Udalaren aurrekontua aztertzean esandako dirulaguntza ken zezaten.
Geroago, berriz, Udalean gehiengoa zuten nazionalistek beste proposamen bat aurkeztu zuten Legazpi ikastetxari beste dirualguntza bat emateko, oraingoan makinak erosteko. Berriz ere errepublikarrak aurka azaldu ziren. Lehen Hezkuntzako Ikuskatzaileak aditzera eman zienez, Foru Aldundiko Presidenteari aurkeztu behar zioten salaketa, bere iritziz Konstituzioaren aurkakoa baitzen. 1934ko martxoan, berriz, Gobernadoreari aurkeztu zitzaion salaketa, Legazpi ikastetxeari emandako dirulaguntza ontzat emateko Udal Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak hartutako erabakia zela eta. 1934ko uztailean Konstituzioko Eskubideen Auzitegiari aurkeztu zitzaion salaketa dirulaguntza hura ematea galerazteko, baina ez zen aurrera atera, aldi berean gai berari buruzko beste salaketa bat ari baitzen epaitzen Auzitegi Gorenean.
Ikurrinaren gaiak ere etengabeko liskar eta xextrak eragin izan zituen gehiengo nazionalistaren eta gutxiengo errepublikarraren artean, izan ere, errepublikarrek ez baitzuten begi onez ikusten Udalak ikurrina erostea, eta nazionalistek, berriz, derrigor erostea nahi zuten, esanez, ez zela alderdi nazionalistaren bandera Euskal Herriko bandera baizik. Errepublikarrak kontra azaldu ziren, eta Gobernadoreari nahiz Gobernazioko Ministeritzari aurkeztu zieten salaketa; hala ere, nazionalistek erosi egin zuten Udalaren diruaz.
Errepublikarrak kontra azaldu ziren jai egunetan "JELen ikurrina" (Jaungoikoa Eta Lege Zaharra) "Espainiako bandera"ren ondoan jartzeko kontuan ere. Behin baino gehiagotan egin zioten salaketa Gobernadoreari.
Autonomia Estatutua lortzeko ahaleginean, 1932ko ekainean, errepublikarrak herriko beste alderdiekin batera ageri dira Estatutuaren aldeko lanean, eta parte zuzena hartu zuten Estatutuaren aldeko propagandaz arduratu zen batzordean. Hala ere, 1933ko maiatzean, kontrako iritzia azaldu zuten garaitsu hartan onartzekoa zen Estatutuari buruz. Zumarragako Elkarte errepublikarrak idatzi bat bidali zuen Gipuzkoako Elkarte Errepublikarren Federazioara, esanez ez zegoela ados Estatutu harekin ez beste batekin, atzerakoiei baino ez ziela mesede egiten, eta garai hartan, 1933ko maiatzean, atzerakoiak baino ez zirela alde azaltzen.
1933ko urrian, Zumarraga-Urretxuko Elkarte Errepublikarrak askatasuna eman zien bazkideei Estatutua onartzeko bozketan nahi zuten botua emateko. Hala ere, erabaki hori hartu ondoren, Gipuzkoako Elkarte Errepublikarren Federazioari aditzera eman zioten ez ziotela men egingo Federazioko gehiengoak hartutako erabakiari, baldin eta ez bazetorren bat bertako Elkarteak hartutako erabakiarekin.
Kontzertu ekonomikoaren aldeko lanean, ordea, bat etorri ziren alderdi demokratiko guztietako ordezkariak. Horrela ageri zaigu, besteak beste Izquierda Republicanak izandako jarrera. Izquierda Republicanak, 1934ko abuztuaren 11an, partiduak Zumarragan zuen Junta Munizipalari eskatu zion, Kontzertu Ekonomikoaren Aldeko batzordeak proposatu zituen Tolosaldeko lau zinegotziei emateko botua. Kontzertu Ekonomikoaren aldeko batzorde hori honela osatua zegoen: hamaika ziren EAJko ordezkariak, lau Izquierda Republicanakoak; hiru PSOEkoak, bat ANVkoa eta beste bat Ezquerra Federal Vascakoa. Lekuan lekuko erakundeen autonomiaren alde, Gobernu zentraleko ordezkariekiko borroka gogor baten hasiera zen hura.
Gatazka horren lekuko da hurrengo eguneko gertakaria. Zumarragako zinegotziak EAJko Alkatearen etxean elkartu ziren, izan ere kargutik kendu egin baitzuten, eta Udaletxea Guardia Zibilen mende baitzegoen. Elkartutako zinegotziek Alkateari bere kargua itzultzeko eskaria egin zuten. Egun batzuk geroago, probintziako Izquierda Republicanaren agindu bat iritsi zen Zumarraga-Urretxuko ordezkaritzara, esanez autonomiaren aldeko alderdi guztietako zinegotziek, kargutik kendutako alkateak behar zutela izan alkate, eta hala onar zitzatela, eskubide guztiekin, herriko alkate. Zinegotzi errepublikar guztiek bete zuten jasotako agindua, batek ezik; zinegotzi horrek abuztuaren 18an nazionalisten erasoa jasan behar izan zuen. Izquierda Republicanak ez zion zinegotzi hari babesik eskaini, eta gainera bere kargua uztera behartu zuen.
Egun batzuk geroago, kargutik kendutako alkateari elkartasuna adieraziz, eta Euskal Herriko beste Udal askotan egin zuten eran, Zumarragako zinegotzi guztiek karguak utzi zituzten. Egun nahasiak izan ziren haiek herrian, eta Comandante Militarrak eman zien bukaera urriaren 24an Udal berria eratuta. Udal berrian bi errepublikar zeuden, haietako bat lehen kargua utziarazitako Iriondo zinegotzia; eta Alkate berriak, gure herriari hainbeste hondamendi eta odol isurtze ekarri zion "iragandako mugimendu sobietar" bati buruz hitz egin zuen. Gertakari horiek kontuan hartuta, Izquierda Republicanak Iriondo jauna alderditik botatzea erabaki zuen, eta beste zinegotziari baja har zezala eskatzea. Egoera hori 1936ko otsailaren 23ra arte luzatu zen. Egun horretan, huteskundeetatik ateratako alkate berriak telegrama bat bidali zion Ministroen Kontseiluko Presidenteari eskerrak emanez Udal herritarrei aginpidea eman zielako, eta adieraziz, bidezkoa zatekeela Aldundiak ere herritarrak izatea, eta onar zezala lehenbailehen Euskadiko Estatutua.
Zumarraga eta Urretxuko Izquierda Republicanak Frente Popularrarekin izan zituen hartu-emanek ere izan zituzten bere gora-beherak. Horrela, Zumarragako Junta Munizipalean ezbaia sortu zen, ea ontzat eman Frente Popularraren Gipuzkoako hautagai zerrendan Izquierda Republicanako bi hautagai izatea, ala komeni zen horietako bat ANVkoa izatea. Hasiera batean, Izquierda Republicanak auzia Tolosako batzarrean erabakitzearen aldeko iritzia azaldu bazuen ere, ondorengo egun batean bi hautagaiak bere alderdikoak izatea eskatu zuen. Azkenik, hauteskundeetan Izquierda Republicanak aurkeztutako ordekariak izan ziren hautatuak, eta ez ANVkoak.
Herrian egin zuten lan politikoaren emaitzak aztertzerakoan, berriz, kontuan izan behar dugu, Zumarragako Udalelean beti oposizioan egon izan zirela. Horrek berak ikustaraziko digu zer nolako zailtasunak izan zitzakeen nazionalista ez zen alderdi batek, nazionalistek gehiengo absolutua zuten herri batean beren ekarpen politikoa egiteko modu demokratikoan. Udal demokratiko haietan, karlistek esate baterako, sekula ez zuten ordezkaririk izan.
Garbi dago, bestalde, beren ekarpenak egiteko zailtasunez gainera, EAJren ideien aurka ere lan egin behar izan zutela, EAJ ez baitzen inoiz "oso errepublikazale" izan, izan ere, beti egokitu izan zitzaien arren Madriletik zetozen arau politiko berriei, ez baitzituzten inoiz alde batera utzi beren katolikotasuna, edo Autonomia Estatutua lortzeko ahalegina, e.a. Ondorioz, zinegotzi errepublikarrek beti izan zuten beren lanak ezer askotarako balio ez zuen ustea, esate baterako, fraileen eskolari emandako dirulaguntzaren kasua edo nazionalisten eta aldiberean euskaldunen ikurrina izango zenaren kasuan, ... eta beraz, ez da harritzekoa, zinegotzi errepublikarrek 1932ko uztailean Alderdiko batzarrean Udala uzteko gogoa azaldu izana, esanez, zinegotzi nazionalistek sistematikoki oztopatzen zutela beren lana. Beste behin, Batzarraren aurrean salatu zuten Alkateak zinegotzietako bati buruz zabaldutako gezurrak, nahiz eta gero Alkateak gaizki esanak zuzendu zituen.
Dena den, errepublikarrek lan handia egi zuten "lege demokratikoaren eta herriaren agintea" indartzen, eta hala ageri zaizkigu nazionalistekin elkarlanean 1934ko udan "Euskal Udalen auzia" izeneko hartan.
Autorea: Antonio Prada