Edukin nagusira joan.

Menu nagusira joan.

Zumarragako Udaletxea

Zumarraga Udalaren Armarria
Zumarraga.net

Kultura [Herri eskultura]

Herriko Armarria

Armarria egiteko agindua 1764koa da. Zumar bat du, alde banatan gurutzea duela. Zuhaizpean hiru barra urrezko, eremu urdinean. Jatorrizko armarria idulki handi batean jarrita dago, Nafarroako Enparantza, 1eko udaletxe zaharra bota zutenean inguru horrexetan sortutako enparantzan kokatua.

"Bizitzaren Aingerua" eta "Heriotzaren Aingerua"

'El angel de la vida y El angel de la muerte' obren argazkiak

Estatua hauek sinboloak dira, eta aldi berean hilerriko kriptaren presentzia asaldatzaile iluna apaintzen dute. Vicente Larrea eskultoreak ahalegin plastiko bikaina egin digu proportzioei, kokapenari, mugimenduei eta Aingeruaren beraren irudiaren karakterizazioari dagokienean, betiere gaur-gaurko sentikortasunetik interpretatu baititu alderdi horiek guztiak. Irudi hauetan bi esangura biltzen dira: Aingerua bera, eta kokagune duen heriotz ingurua.

"Heriotzaren Aingerua", eskultura erabatekoa eta librea bera, Aingeru baten irudiaren itxuraketa librea da, Aingeru izateari lagatzeke ordea. Hauxe izan da Larreak giza irudi oso bati heltzen dion lehen aldia, hegoen ukitu eskatologikoaz heldu ere. Toki guztietan lodiera berdina duen xafla batez eginda dago, toles, hutsune eta ganbilgunez estatuaren gorputzari itxura emanez; edota, beharbada, gorputz horren alderdi ukigarriari, zeren eta irudia inguratzen duen hutsunea bera ere haren osagarria baita. Halatan, xaflak eta bere hutsuneak osaturiko fikziozko bolumen batek eratzen du irudia. Beraz, zeharo irudi barrokoa da esangurari dagokionean.

Migel López de Legazpiren estatua

Migel López de Legazpiren estatuaren argazkia

Harrizko idulki baten gainean kokatutako brontzezko estatua, Aniceto Marinas eskultoreak egin eta 1897ko urriaren 2an inauguratua, helburu honexez herrian antolatutako festen baitan.

Eraikuntza lanek eragindako gastuak ordaintzeko, erregeordeaz gain, 2.500 pezeta jarri baitzituen, herri erakundeek eta Zumarragako partikular askok ere parte hartu zuten, inolako irabazi asmorik gabe beren ekarpena egin baitzuten.

Estilo figuratiboa du, eta gizon katoliko eta kolonizatzailea erakusten digu, haren sasoirik onenean erakutsi ere, idolo bat zapaltzen ari delarik (maskara edo mozorroa hartu du hankapean).

Ignacio Busca Sagastizabalen bustoa

Ignacio Busca Sagastizabalen bustoaren argazkia

Zumarragako alkate izandako musika konpositore honen izena daraman auzoan dagoen bustoa.

Gure herritik kanpo, eta Nazioarteko XXII. Biltzarraren himno eukaristikoa, "Cantemos al amor de los amores, cantemos al Señor" hura, konposatu zuelarik ospea izan zuen gizon heldua erakusten digu era figuratiboan.

Beste hainbat koru-konposizio ere laga zigun, eta gaur egun euskal orfeoien errepertorietan diraute bizirik. "Bi eusko abesti" azpimarra dezakegu.

Pelotari

Burdinezko eskultura librea, harrizko idulki baten gainean jarria. Migel Anjel Lertxundi eskultore ondarrutarraren lana da.

Eskulturaren arte alderdietan beretan baino gehiago, lerroen sinpletasuna nabarmentzen baita fakzioen abstrakzioa duela lagun, azalpenik onena kokagune duen inguruak berak, pilotalekuak alegia, emango digu, sinbologiaz blai, irudikaturiko jarreran bezalaxe, eskuak pilota jotzen duen unea bera baita irudi.

Goruntz

Jose Ramon Andaren eskultura, brontze urtuz egina; hamar metro garai eta diametro desberdinak ditu, berrogeita hamar zentimetrotik metro bat eta hamar zentimetrora baitoaz. Obra bertikala da, kokatuta dagoen tokitik, Zumarraga eta Urretxuren lotune dugun Kalebarren-Areizaga enparantzatik, ezinbestez igarotzen diren ibilgailuei eragozpenik ez eragiteko propio diseinatua; gainera, obraren presentzia bera indartu egiten da kokapen berezi-berezi horretan.

Obrak goiko aldean erakusten duen ebaki sakonak kontraste handia egiten du oinarriarekin, eta egonkortasuna sekula galtzen ez duen arren, ikusten ari garenean hauskortasun sentsazioa eragiten digu, eta edozein unetan lurrera eroriko dela inondik ere. Beharbada, kokatu behar zuten enparantza eta toki geografikoari buruzko berri zehatzak eskuratu ondoren, bat egindako herri bien arteko harremanak gogora ditzakeen obra baten sinbologia eta esangura izan zitezkeen egilearen inkontzientean.

Itziar

 Jorge Oteizaren Itziar eskulturaren irudia

Jorge Oteizaren eskultura, poliedroz osatua; lau metro garai eta bost metro luze ditu, sei tonako pisuaz, eta hiru milimetro lodiko xaflaz eginda dago.

Eskultorearen emaztearen izena du, Itziar Carreño baitzen, eta 1959ko proiektu baten arabera eraikita dago. Oteizak berak esan zuen bezala, eskulturaren alde eta hutsuneek sortarazten duten argi-itzalen jokua nabarmentzen da, tontor eta sakonuneetan Gipuzkoako paisajea adierazten baitigu, herri, haran eta ibaiez. Monumentala den arren, arintasun eta lebitazio sentsazioa ematen du.

Txistulariari omenaldia

Jesus Segurolaren eskultura da. “Argizari galdua” prozesuaren bidez galdatutako brontze patinatuz landua dago, eta Markinako harri mutxardatuz eginiko oinarria du azpian. Lanak osotasunean lau metro eta erdiko neurrria dauka ( eskultura bera bi metro eta berrogeita lau zentrimetro da). Trenbideko “lubakia”ren gainean kokatuta dago. 2003ko ekainaren 14an inauguratua, txistulariaren berezko elementuak azpimarratu nahi ditu: txapela, txistua eta danbolina. Oinarrian, Euskal Herriko armarriak ditu.

Aizkolariari omenaldia

2,45 metroko garaiera duen eskultura hau galdatutako brontze patinatuz landua dago eta hamabost zentimetroko idulki batean, brontzezko oinarri baten gainean, kokatzen da, Agurtzane Iturberen diseinuaren arabera. Aginaga auzoan kokatuta dago, eta aizkolari guztien omenez izanda ere, bereziki auzo horretan bizi zen Jeronimo Iturbe Legorburu, Agineta-ri eskainita dago. 2003ko azaroaren 9an inauguratu zen.

Zumarragako trikitixari omenaldia

Antonio Oteizaren eskultura espresionista, brontzez egina da. 1,80 metroko garaiera du, eta Elizkaleko biribilgunearen erdian dago kokatuta, toki benetan enblematikoan. Izan ere, bertan sortu zen 1920an Zumarragako Trikitixa taldea. 2004ko abenduaren 12an inauguratu zen.

Jira-Bira: Lurrak gure Lurrean

Ezkio-Itsasoko Pott zeramika lantegian egindako eskultura multzoa. 6 metroko garaiera duten bi figura estilizatuk osatzen dute, eta horietako bakoitza ardatz bertikal batean txertatutako piezetan banatzen da.

Bizi garen LUR honi buruzko gogoeta da; Lurraren biluztasunari, hauskortasunari, indarrari eta hura transformatzeak duen eraginari buruzko gogoeta. Mugikortasunean oinarritzen da obra, eta hori kontraesana da eskulturaren piezek duten mugikortasun ezarekin. Hain zuzen ere, ingurunea eta ikuslea dira etengabeko mugimenduan daudenak eta horiek dira LURRAK GURE LURREAN lanari zentzua ematen diotenak. Mugimenduaren perspektiba horrek ematen dio zentzua obrari. 2006ko maiatzaren 14an inauguratu zen.

Zumarraga.net web guneko informazioa

Gipuzkoa.net