Edukin nagusira joan.

Menu nagusira joan.

Zumarragako Udaletxea

Zumarragako ezkutua
Zumarraga.net

Kultura [Antioko Baseliza]

Antio kanpokaldeko irudia

Zumarragako lehen parrokia izan zen 1576 arte, eta inguru honetako eraikinik zaharrenetakoa da, zalantzarik gabe.

Gaztelako Enrike II.ak Francisco Gómez de Lazcanori eman zion parrokia honen (orduan "monasterioa" zen haren) patronatu eskubidea, XIV. mendearen erdialdean.

Dirudienez, hasieran gaur egun baino txikiagoa zen, baina edonola ere handia izango zen Zumarragan bizi zen jende kopururako, eta gure herritik hamabost kilometro edo gehiagora zeuden herrietatik jendea pelegrinazioan etortzen zela uste dugu.

Euskal erromanikoaren ale bikaina da, gaur egun horren monumentu gutxi ditugun estilo horrexena hain zuzen (hala eta guztiz ere, erromanikotik gotikorako trantsizio elementuak ere aurkitzen ditugu bertan).

Antio kanpokaldeko irudia

Hasierako eraikuntza erromanikoak ez du horma-bularrik kanpoaldean, zeren eta hasiera batean sabaia eta estalkia zurezkoa jarri baitzizkioten eraikinari.

Nabe bakarra du, hiru zatitan bereizirik sei zutabe biribil lodiz. Gainera, fabrikako aurrealdeko murruen gainean, presbiterioari dagokionean eta burualdeko hormapikoan, bi mutur-zinbria ditu. Estalkia bi isurialdekoa da. Korua eta alboko tribunak, soliba eta zapaten gainean oinarrituriko zurezko solairu batez, gure lurraldeko eliza askotan, Frantziako mugaz bestaldekoetan batez ere, ohikoa izan den kokaerari jarraitzen zaizkio.

Barnealdeko zurajearen hainbat tokitan (zapata-buruak, mentsulak, habeak) normalean hilarri, kutxa, ateburu eta antzekoetan erabiltzen ziren tailak ikusten dira, hala nola gurpilak eta esbastikak, berezkoa duten esangura zeltikoan eguzkia eta suaren errepresentazioak baitira. Zapata erraldoi hauetako batzuen muturrean ageri diren erliebeak oso bitxiak dira, zeren eta giza irudia emakume buru eta bustoz ageri baita, "zapi" batez jantzirik batzuetan; beste irudi batzuk ere ageri dira tailetan, dragoi miresgarri bat esate baterako.

Antio barrukaldeko irudia

Eliza honek kupula eta ganga faltsuak izan zituen mende honetako 60ko hamarkada amaitu arte, baina barneko multzoa estaltzen zuten. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean, elizari erantsitako etxe bat, seroretxea, eta sakristia bota zituzten. Hauek traban ez zirela elizako ipar fatxadako murrua agertu zen, oso-osorik; murru erromanikoa da, oso garrantzi arkeologiko handikoa, eta bertan dira bost itsu-leiho turuta-itxurakoak. Hormetan bada turuta-itxurako beste zenbait itsu-leiho. Absidearen kanpoaldea trapezio itxurakoa da, eta presbiterioko aurreko hormak baino geroagokoa da; bertako fatxadan oso arkitektura interes handiko bi elementu daude:

  1. Gurutze gotiko bat, hareharriz tailatua, portada txiki baten tinpanoan.
  2. Leiho gotiko bat, obrak egin ondoren berreskuratu zena, eta burdinurtuzko sare bat duena tinpanoaren erdian jarririk; gurutzadura inguratzen duen konposizioaren oso antzekoa du.

Arkitektura konposizio bien artean harrizko orla bat dago, letra gotikoz honako hau dioena: MCCCCLXXX.

Herritik hiri nagusietara errepidez joateko tarteak, kilometrotan:

Hiria Distantzia kilometrotan
Donostia 53 kms.
Bilbo 74 kms.
Vitoria-Gasteiz 51 kms.
Iruña 81 kms.
Baiona 99 kms.
Madril 410 kms.

Helbidea:

Antiguako bidea z/g (Zumarraga)

Ordutegia:

Maiatzaren 1etik urriaren 31ra: Asteartetik igandera:11:30- 13:30 eta 16:30-19:30.

Azaroaren 1etik apirilaren 30era: Asteburu eta jaiegunetan: 11:30-13:30 eta 16:00-18:00.

Telefonoak:

943 72 06 07 / 943 03 79 14 / 943 72 15 89

www.ignaziotarlurraldea.com

Zumarraga.net web guneko informazioa

Gipuzkoa.net