Edukin nagusira joan.

Menu nagusira joan.

Zumarragako Udaletxea

Zumarragako ezkutua
Zumarraga.net

Kultura [Herri Arkitektura]

Jauregi Handia

Miguel López de Legazpi etxearen argazkia

Herrian "Legazpi Etxea"esanez ezagutzen dugu, Migel López de Legazpi Filipinar Irlen kolonizatzailea bertan jaio zelako.

"La Casa de Legazpi" lanak jasotzen duenez, Baldako Jaunak eraiki zuen Migel bera jaio baino mende batzuk lehenago, "bando-gerren sasoian" hain zuzen.

Etxe honek ez zituen jasan Gaztelako Enrike IV.ak horrelako noble-etxeak lehen oineraino mozteko eman zuen aginduaren ondorioak, almenak kendu bazizkioten ere (gogoan izan errege horrexek abiatu zuela jaun feudalei bere boterearen elementu nagusietako bat, dorretxeak alegia, kentzeko eta deusezteko politika. Politika horrek Errege Katolikoen erregealdian jo zuen goia, jaun feudalei erabat nagusitu zitzaizkielarik). Irizarrek azaltzen digunez, XVI. mendearen bigarren erdialdean laga zion etxe honek nobleen bizileku izateari, Amador de Arriaran bertan bizi izan eta gero hain justu; azkeneko honek agindu zuen ate nagusiko armarria jartzeko.

Orduaz geroztik, baserritarren bizilekua izan zen, eta itxura ere aldatuz joan zen bertan egiten ziren lan berriei moldatzearren. Nicolás Soraluzek salbatu zuen etxea XIX. mendean, trenbidea jarri behar zutela botatzear egon baitziren, baina XX. mendearen hasieran oso kontserbazio egoera kaxkarrean zegoen.

Mende honetako 40ko hamarkadan, "Esteban Orbegozo, S.A." enpresak inguru horretarantz hedatu nahi zuelarik, Monumentu Historiko-Artistiko Nazional izendatu zuten. Orduaz geroztik, hainbat zaharberritze lan egin dituzte bertan, eta 1964an Museo Hispaniar-Filipinar bat jarri zuen etxe barruan orduko jabeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak alegia.

Gaur egun, eta hamarkada honetan bertan burututako zaharberritze lan sakon bati esker, Zumarragak eskaintzen duen kultur ekitaldi askoren bilgune bihurtu da etxea; are gehiago, Secundino Esnaola Musika Eskolak bertan du bere egoitza iraunkorra.

Zumarragako Udala

Udalaren Argazkia

Herritarrei zerbitzua eskaini behar dion eraikina izaki, oso kontzeptzio modernoa du.

Arkitektuak eginiko berreraikitze proiektuak, batetik, garai historiko bat gordetzen du, fatxada nagusia XIX. mendearen 60ko hamarkadan sortu zuten bezalaxe mantenduz hain zuzen, eta bestetik egungo garaiokin lotzeko ahalegin bat ikusten da nabarmen, udaletxeak duen eginkizunari, administrazio zerbitzuari alegia, funtzionaltasuna eskainiz, urrunago helduz gainera gelarik garrantzitsuenetako batzuei, esaterako bizitza politikoaren eszenatoki nagusia den Batzar Aretoari, etorkizuneko ukitua emanez.

Eraikinak berak oin angeluzuzena du, lau isurialdeko estalkiaz. Behe-atal arkupedun bat ere badu. Ganbara parean, fatxadaren erdi-erdian kokaturik, herriko armarriaren erreprodukzio bat dauka. Gainera, erantsi berdin-berdinak ditu alde banatan; behe-atal bat ere badu, erdikoaren altuera berdinekoa, arku karpanel handi batez eratua, eta goi-atal bat ere bai, elkarren segidako hiru bao dinteldunez osatua.

Emparantza arkupeduna

Euskadiko emparantzaren argazkia

Hiru etxe ilarak, errepideak eta inguratzen duen laugarren etxe ilara batek (honexek ematen dio, gainera, zabaltasun ukitua) eratutako espazio karratuak itxuratua. Zumarragako herri arkitekturaren alerik bikainenetakoa da, zalantzarik gabe.

Non ote dago enparantza honen herria?" esan omen zuten soldadu karlista nafarrek gerra zibilean herri hau hartu zutenean; izan ere, enparantza honetan behin eta berriz entzundakoa omen da esaldi hori.

Gainontzean, enparantza inguratzen duten lau etxe ileretatik hiru XIX. mendearen bigarren herenekoak dira, laugarren alboa 1954an itxi baitzen, behin betiko.

Enparantza inguratzen duten etxeek multzo harmoniatsua osatzen dute, arkupez eta bi oinez. Errepidea dagoen tokitik hurbil, galtzadarriz prestatutako ingurua dago, Zumarragako probatokia hain justu.

Enparantzaren erdi-erdian, Migel López de Legazpiri eskainitako estatua dago.

Hilerria

Oso arkitektura lan berritzailea euskal lurrean, nitxoak jartzeko toki egokia eratu baitu lurrazpiko kripta batez.

Obra hau egiteko ardura izan duen arkitektuak Egiptoko tenpluetako espazioa, "mugagabeko bidaia horrena", gogorazi nahi izan digu, eta sinboloz inguratu du gainera.

"Infinitorantz teinkaturiko espazio batean, arkuek eta nabarmenduriko habeek handiagoturiko perspektibaz, ibilbideari bizitasuna ematen dioten lerroez markatua lurra, eta batez ere bi bazter-espazioz, guztiaren amaiera behar luken tokian zerbait abiatzen dela baitirudi".

Barne inguru honetan bi estatua daude: "Bizitzaren Aingerua" eta "Heriotzaren Aingerua", Vicente Larrea eskultorearen lanak biak.

UZKANGA Etxea (Euskadi Enparantza, 2)

Udaletxe ondoan kokatutako etxea. Behe-atal arkupeduna du. Oin nagusian lau bao eta balkoi daude. Atzeko fatxadan etxe-egutera bat dago, hirugarren oinaren altueran, mainel batek bereiziriko erdi-puntuko bi arkuz.

ITARTE Etxea (Euskadi Enparantza, 9)

Eraikin ilararen amaierako etxea, Uzkanga etxearen antzeko ezaugarriez: lau isurialdeko teilatua, harlandua kantoietan, eta balkoi ilarak. Lehen, Uzkanga etxeak eta Itarte etxeak kapera bana zuten barnean.

AITZABASO Baserria

"Areizaga Torrea" izenez ere ezaguna; Aranburu auzoan dago. Etxe armarriduna da, elkarri erantsita dauden baina oso altuera desberdinekoak diren bi eraikinez osatua. Altuenak lau isurialdeko teilatua du, eta baxuenak, berriz, bi isurialdekoa. Fatxada nagusiak erdi-puntuko bi arku ditu, atariko sarrera ematen duten bi atez itxita. Fatxada nagusiaren erdian, teilategalaren azpian, Areizaga noble familiaren armarri zaharra dago.

GURRUTXAGA GOIKOA Baserria

Etxe armarriduna, Soraitz auzoan kokatua. Oin-plano angeluzuzeneko eraikina da, bi isurialdeko teilatua duena. Fatxada nagusian erdi-puntuko bi arkuz eraturiko arkupetxo bat du, eta honen gainean, erdi-erdian, armarri bat. Baoek harrizko eta zurezko markoa dute, eta modu simetrikoan kokatuta daude. Lehen oinean bi balkoi kareldun daude, eta hauen gainean balkoi luze bat.

AIZPURU Baserria

Soraitz eta Aranburu auzoen erdi bidean dago. Oin-plano angeluzuzeneko dorretxe bat da, lau isurialdeko teilatua duena. Fatxada nagusian hiru arku karpanel beheratuz osaturiko arkupetxoa du, gaur egun bi arku itxita dauden arren. Arkuetatik zehar heltzen da atarira, eta hemen ate dinteldun bikain bat igaro eta etxe barruan izango gara.

Bi balkoi ditu, harrizko oinarriaz eta burdinezko barandaz.

Zumarraga.net web guneko informazioa

Gipuzkoa.net